Kultura sormena bultzatzeko, 354.000 euroko deialdia

Bizkaie! 2022-01-19 08:17   Euskerea berbagai

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu dau diru-partidea.

Gotzone Sagardui eta Bingen Zupiria sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ostean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluak batzarra egin dau, eta bertan onartutako guztiaren barri emoteko agerraldia egin dabe ondoren Bingen Zupiria eta Gotzone Sagardui sailburuek. Kulturearen sektoreari eragiten deutsan deialdi bat dago iragarritakoen artean, sorkuntzeari laguntzeko diru-partidearena hain zuzen.

Sorkuntzearen alorra finkatzea da helburua, Bingen Zupiriak azaldu dauenez. Danetara, 354.000 euro emongo ditue, sei ataletan banatutako deialdian.

Lehenengo modalidadea antzerki testuei jagokena da. Zortzi laguntzino emongo ditu Jaurlaritzeak, euskeraz lau antzerki testu sortzeko eta gaztelaniaz beste horrenbeste. 52.000 euro izango dira.

Bigarren atalean, zinemako gidoiak lagunduko ditue, fikzinozkoak zein animazinozkoak, eta gaztelaniaz zein euskeraz. Kasu honetan, 103.000 euro erabiliko ditue. 

Musika konposizino barriak sortzeko modalidadea be badago. Partitura batean edo pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman zein interpretazino planean agertu beharreko konposizino originalak bultzatzea da asmoa, guztira 64.000 euro emonda. Bakarlariek, bikoteek, taldeek, abesbatzek, ganbera-musikan dabizanek zein orkestra sinfonikoek eskatu leikie laguntzinoa.

Laugarren modalidadea gazteentzako testu literarioena da. Euskeraz idatzita egon beharko dira, 12 eta 18 urte bitarteko publikoa gogoan. 8.000 euroko bost laguntzino emongo ditue (guztira 40.000).

Euskerazko ipuin eta nobela laburrak idazteko atala be badau deialdiak, baina kasu honetan gazte zein helduentzako proposamenak onartuko ditue. 8.000 euroko bost laguntzino dira hemen be.

Azkenik, seigarren modalidadea koreografiena da. Bakotxa 9.000 euroko sei laguntzino emongo deutsez konpainia profesionalei (guztira 54.000 euro), jantzearen alorreko sorkuntzarako. 

Modalidade bakotxak dituan baldintzez gan, Jaurlaritzeak azaldu dau sortzaile gazteek eta emakumeek laguntzinoen zati bat bermatuta dabela. Urtarrilaren 29an hasita, hilebeteko epea izango dabe interesdunek proiektuak aurkezteko. Ondoren, modalidade bakotxean balorazino-batzorde bat antolatuko da, proposamenak aztertu eta laguntzinoak nori emon erabagiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu