Hiru irabazle XIX. Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sarietan
2022-01-18 12:49 KultureaEuskerazko modalidadean, ex aequo irabazi dabe Mikel Fernandinok eta Bertol Arrietak.
Irabazle bi espero izan doguz XIX. Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sarietan, baina epaimahaiak hiru izen aitatu ditu bere ebatzian. Izan be, euskerazko atalean saritu bi egon dira, ex aequo: Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo, edo maitasunaren komenentziak. Gaztelaniazkoan, Marieta Diaz de Toledoren La tela de araña izan da testu irabazlea.
Formatu txikiko antzezlan laburren testuak edo gidoiak saritzen ditu Cafe Bar Bilbaok urteroko lehiaketa honetan, Tartean Teatroa konpainiaren laguntzinoagaz. Dramaturgo barriak sortzea edo zeregin horretan hasi nahi dabenei bultzadea emotea da sariketearen helburu nagusia, baita antzerki arin edo laburraren formatua aldarrikatzea be.
Euskerazko testu irabazleen irakurraldi dramatizadua egingo dabe Bilboko Lautan Hiru jaialdian. Ganera, produkzinorako babesa emongo deutse, Pabilioi 6 aretoaren antzerki arineko jardunaldietan parte hartu deien.
Edizino honetan 29 gidoi heldu jakez antolatzaileei, horreetatik 21, gaztelaniaz; ganerakoak, euskeraz. Maila altua egon dala adierazo dabe Cafe Bar Bilbao eta Tartean Teatroko arduradunek, eta gatxa izan dala irabazleak aukeratzea. Horren erakusgarri, euskerazko modalidadean egon dan bardinketea.
Honeek dira gidoi irabazleen laburpenak:
- Zure sotoko ardoa (Bertol Arrieta Kortajarena): Udabarriko ekatx batek harrapatuta, taberna berean hartzen dabe aterpe, kasualidadez, Xabik eta bere bikotekide ohi Arantxak. Ezkondua eta seme-alaba biren aita da, gaur egun, Xabi. Soltera dago, itxuraz, Arantxa. Hamabi urte igaro badira be euren harremana eten ebenetik, alkarregaz bizitako une gozoak gogoratzen hasiko dira, baina baita euren bizikidetzearen trapu zaharrak ateraten be. Zer ete da, baina, batak besteagandik espero dauena?
- Deus ex twingo, edo maitasunaren komenentziak (Mikel Fernandino Hernandez): Maitasunaren komenigarritasunei buruz berba egin nahi dauen lan bat da. Gaur dekonstrukzino prozesuan dagoan substantzia lirdinga horrek interes handiak mobidu izan ditualako gizatasunaren historian zehar, bai familia noble eta aberatsetan edo, kasu honetan bezela, persona arrunt biren artean.
- La tela de araña (Marieta Diaz de Toledo): Hilkutxa bat, hiru aulki, ahizta bi eta honeetako baten alabea. Hiru emakume inguru itolarri batean preso, euren aita eta aititak sortutakoa. Obran zehar, bere buru besterenduek txikizino eta salaketa ikaragarrietan zabaltzen ditue txikitatik biktima lez jasan daben tiraniaren ondorioak. Danek begiratzen deutse borrero berari, baina batek be ez dau bardin antzemoten eta sentiduten. Errealidadea eta fikzinoa nahastau egiten dira paranoia suntsitzaile eta fatalista batean. Egileak psikologo baten aholkularitzea izan eban personaien besterentzeari buruz idazteko orduan. Era berean, Javier Liñera antzerkigile, maisu eta lagun onaren eretxi eta aholkuak jaso zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!