Abadiñon barriro egingo dabe San Blas azokea
2022-01-18 08:40 KultureaIgaz ezin izan zan egin, pandemiagaitik.
Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da neguan Bizkaian egiten dan azokarik entzutetsuenetako bat, Abadiñoko San Blas egunekoa. Udalak ohar baten bidez baieztau dau aurten azokea atonduko dabela zezeilaren 3an, baina ohikoak diran ekitaldietako batzuk ez dira egingo, lehen sektoreko produktuen salerosketeari emongo deutselako lehentasuna. BBK-ren babesa dau hitzorduak.
Hortaz, jarduera kulturalik, kaleko animazinorik eta herri kirolik ez da egongo San Blas azokan (idi-probak bai). Jentea ahalik eta gitxien pilotzeko eta aireztapena bermatzeko, aire zabaleko lau gunetan banatuko dabe eremua. Nekazaritzako produktuen azokea trinketeko aparkalekuan ipiniko dabe, eta hantxe batuko dira 80 produktore inguru: gaztaia, eztia, ogia, txakolina, ortuariak, sagardaoa... Danetarikoak ikusi, probau eta erosi ahal izango dira.
Ferialekuaren alboko aparkalekuan, bestetik, artisautza azokea egongo da, eta hogei erakusmahai inguru ipintea espero dau Udalak. Trinketearen atzealdean, ostera, ganadua eta landara-haztegiak erakusteko gunea atonduko dabe. Azkenik, Gaztañodi parkera jo beharko da nekazaritzako makineria ikusteko.
Lau guneez aparte, erroskilak saltzeko postuak be egongo dira, San Blas eguneko tradizinorik zuztartuenetako bat dan ezkero. Txosnarik edo jatekoa emoteko bestelako posturik ez dabe baimenduko, baina. Pandemiaren aurretik antolatzen zan jarduera piloagaz konparauta, idi-probei baino ez deutse eutsiko. Udal Probalekuko edukierea % 60 izango da eta Covid pasaportea beharko da sartzeko.
2021ean azokea bertan behera ixtea erabagi gatxa izan zan lez, aurten be gatxa izan da barriro egitea erabagitea, baina gure lehen sektorea babestu behar dogula uste dogu, adierazo dau Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalek. San Blas azokea Durangaldeko eta Bizkaiko lehen sektorearen erreferentziazko hitzordua dala dino Udalak, lehen sektorea eskualdearen garapenaren eta eredu jasangarriaren motorra dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!