Mondragon Unibersidadeak eskaintza akademikoa zabalduko dau
2022-01-17 07:50 KultureaInjinerutza Fisiko eta Matematikoko Gradua eskainiko dau.
Mondragon Unibersidadeak hazten eta eskaintzea sendotzen jarraituko dau datorren 2022/2023 ikasturtean graduko zein graduondoko tituluetan, izan be, titulu barriak eskaini eta lehendik dagozanak barrituko ditu. Unibersidadeak Injinerutza Fisiko eta Matematikoko Gradua eta lau graduondo sartu ditu eskaintza akademikoan.
Unibersidadeko errektore Vicente Atxak Mondragon Unibersidadearen eskaintza akademikoan 2022/2023 ikasturterako egongo diran barritasunak aurkeztu ditu eta, besteak beste, bost titulu eskainiko dira —gradu bat eta lau unibersidade-master—, gure gizartean sortzen dagozan eta sortuko diran beharrei eta aldaketei erantzuten jarraitzeko eta eskatzen diran lanpostu barriak bete behar dituen personak trebatzeko.
Barritasunen artean, irailetik aurrera, unibersidadeak beste gradu bat eskainiko dau Injinerutzan, Injinerutza Fisiko eta Matematikoko Gradua eta lau unibersidade-master: Energia Sistema Adimendunak, Operazino Logistiko Produktiboen Zuzendaritzea, Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics eta Gastronomiako Irakasleen Prestakuntzea. Eskaintza barria Unibersidadeak dagoeneko emoten dauenari batuko jako eta, beraz, 2022/2023 ikasturtean, Mondragon Unibersidadearen eskaintzea da ondokoa: 18 gradu-titulu eta 19 unibersidade-master, lau doktorego-programa eta, horrezaz gan, zenbait graduondo-titulu —propioak eta aditu-ikastaroak— bere zortzi ezagutza-alorretan: injinerutzea, ekintzailetzea, enpresen kudeaketea, hezkuntzea, humanidadeak, komunikazinoa, kooperatibismoa eta gastronomia.
Injinerutza Fisiko eta Matematikoko Gradua
MUko Goi Eskola Politeknikoak injinerutzako beste gradu bat izango dau datorren ikasturtean. Beraz, eskoleak hamar gradu eskaintzen ditu dagoeneko injinerutzan (beste bederatziak formatu dualean dagoz). Gradu barria irailetik aurrera Bilbao AS Fabrik campusean emongo da. Gradu berriak oinarrizko zientziak eta injinerutzea buztartzea dau helburu eta, holan, industriaren egungo eta etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko gai diran ikasleak trebatzea. Zientzia eta injinerutza-arloetako prestakuntza sendoa lortu eta, beraz, beharrezkoak diran konpetentziak eskuratuko ditue ikasleek, fisika eta matematika aurreratuak buztartzen dituen proiektu konplexuak lantzeko eta teknologia barriak jorratzen lagunduko dabe injinerutzako zenbait arlotan, besteak beste, robotikan eta elektronikan, bai eta adimen artifizialean, konputazino kuantikoan eta jorratzen dabizen beste eremu batzuetan be. Beraz, ikasleak gai izango dira beren jarduera hainbat sektoretan garatzeko, hala nola energian, elektronikan, ekipo-ondasunetan, medikuntzan, injinerutzan eta irakaskuntzan. Unibasqek ez dau oraindino onartu.
Barritasun horreez gan, ikasturte honetan emoten dituen tituluez gan beste batzuk eskainiko ditu Mondragon Unibersidadeak 2022/2023 ikasturtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!