Aita Mari, Luis Mari Bengoa eta Luis Ugalde, 2021eko Sabino Arana Sarien irabazle
2022-01-14 13:08 KultureaBCC, Amaiur Gaztelu Alkartea eta CD Bidasoa be sarituko ditue aurten.
Sabino Arana Fundazinoak urtarrilaren 30ean, eguerdiko 12etan egingo dau XXXIII. Sabino Arana Sariak emoteko ekitaldia, Bilboko Arriaga Antzokian. 2021ari jagokozan sariak dira, eta sei irabazleen barri emon dabe: Aita Mari erreskate-ontzia, Luis Mari Bengoa kazetaria, Luis Ugalde josulagun euskal-venezuelarra, Basque Culinary Center eskola gastronomikoa, Amaiur Gaztelu Alkartea eta CD Bidasoa eskubaloi taldea.
Euskal abertzaletasun modernoaren sortzaile Sabino Aranaren jaiotegunaren inguruan emoten ditu sariok Fundazinoak urtero. Gizartearen zerbitzuan jarduteko prestutasun eta ahalegin bikainagaitik nabarmentzen diren persona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatestea da helburua.
2021eko edizinoko sei sarituen barri emon dabe, Bilbon egindako agerraldian, Sabino Arana Fundazinoko presidente Mireia Zaratek eta idazkari Ignacio Etxeberriak. Aukeratutako persona eta erakundeak goretsi ditue, banan banan:
- Aita Mari erreskate-ontzia: Mediterraneoan galdu diran migranteei lagunduz giza eskubideen aldeko alkartasun-burrukea egiten dauela nabarmendu dau Zaratek. Aita Mari migrazino-ibilbide arriskutsu hori erabiltzen dabenen bizitzearen jagole bihurtu da mundu guztiaren begien aurrean, adierazo dau Fundazinoaren presidenteak. Aita Mari ontziaren egitekoek agirian ixten dabe migrazino-politika txarrak gainditu behar doguzala.
- Luis Ugalde: Josulagun euskal-venezuelarraren eredugarritasun morala txalotu dau Zaratek, Venezuelako gobernuaren bidebakokeriak salatu ditualako. Injustizia salatzea eta behartsuenak aldeztea etenbako abiaburuak izan dira aita Ugalderen bizitzan.
- CD Bidasoa: Irungo eta Euskal Herriko kirola eskubaloiaren bidez ezagun egin dituan klubaren 60. urteurrena gogoan hartu dau Fundazinoak. Bidasoak frogatu dau komunikabideetan hainbesteko islarik ez dauen kirol baten bidez, kluba handia izan daitekeela eta, era berean, Irun, Bidasoa eta Euskadi be handi egin leikezala, dino Mireia Zaratek.
- Basque Culinary Center: Gastronomiaren goi mailako ikastegi honek be urteurrena bete dau, hamar urte. Munduan erreferente bihurtu da hamarkada bakarrean, Zarateren arabera: proiektu aurrendaria, barritzailea, ekintzailea, bikaintasunera bideratua eta etorkizunari begirakoa da.
- Luis Mari Bengoa: Luzaroan egin dauen kazetaritza lanari esker, ezagutzera emon ditu herri kirolak eta gure lurreko produktuak. Zera esan dau Zaratek: Mikrofono soil batez atondurik, Bengoak bikain ezagutarazo ditu herri-kirolei darien talde-lanaren balioak. Landa-eremuak bizirik dirauela eta Euskal Herriari ekarpen handia egin leikioela sinestuta, gure herria alderik alde eta oso-osoan zeharkatu dau herri-kirolak eta nekazaritza-eremuko ekoizkinak sustatzen, zabaltzen eta bultzatzen; beste era batera esanda, euskal landa-eremuko ondasun-balioak gaur egun be balio handikoak dirala erakusten.
- Amaiur Gaztelu Alkartea: Memoriaren eta historiaren alde alkarteak egin dauen ahalegina txalotu dau Sabino Aranako presidenteak. Gure nortasunak iraganean errotuta dituan zuztarrak ezinbestekotzat joten ditugu etorkizuna eregiteko. Amaiur Gaztelu Alkarteak ondo baino hobeto erakutsi deusku gure aurretikoen asmo eta helburuak eguneratzea danon artean, auzolanean, egin daitekeela; gure arbasoen egintzak, ekinak, eginahalak, bai eta porrotak be, nahitaezkoak ditugula etorkizuna eregiteko, hareen askatasun-egarriak arnasea emoteko balio deuskula eta helburua bidea bera be badala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!