Gernikako Arbolearen kimu bat Arabako Haranan

Bizkaie! 2022-01-14 08:14   Kulturea

Santa Teodosia baseleizearen inguruetan dago.



Daborduko Gernikako Arbolearen kimu bat dago Haranako lurretan, euskal eskubide historikoen, askatasunen, bakearen eta demokraziaren ikur unibersalena. Haretx sagradu zaharraren kimu bat landatu dabe Arabako udalerri horretako Santa Teodosia baseleizearen ondoan eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Ramiro González Vicente, Arabako Diputadu Nagusia, Pedro Elósegui González de Gamarra, Arabako Batzar Nagusiak erakundeko burua, Rosa María Ibarrondo Manzanos, Haranako alkatea eta Pedro San Vicente Corres, Santa Teodosia kofradiako presidentea.

Landatutako 14 urteko haretx gaztea gaur egun Arabako Lurralde Historikoan bizi diran dozena bat zugatzi batu jake. Mundu osoan sustraiak bota dituan 400 zugatz baino gehiago dagoz, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko erregistro eguneratuak jasoten dauenez. Bizkaiko Parlamentuko Lehendakaria pozik agertu da gaurtik aurrera Gernikako Arbolearen mendeetako leinuak printzipio eta balio demokratikoen eragina zabaldu dauelako Nafarroagaz mugea egiten dauen Arabako gune horretan. Leku altua, edertasun berezikoa, pago, arte, haretx eta lizarrez inguratuta.

Zugatza Santa Teodosia baseleizan landatu da, Haranako Udalak eta Santa Teodosia Kofradiak eskatuta. Leku estrategikoa izan da, historian zehar, bidekurutzea eta inguruko biztanleentzako erromesaldi-lekua. Ebroko lurren, itsasoaren eta Nafarroako Erresumeagaz eta Frantziagaz daukan lotunearen arteko kokapena dala eta, XIV. mendeko tenplu txikia ibiltari eta erromesen babesleku izan da mendeetan zehar.

Batzar Nagusiak erakundeko buruak Haraneko alkateari bertan landatutako haretxa Gernikako Arbolearen ondorengoa dala egiaztetan dauen benetakotasun ziurtagiria emon aurretik, kimuak "sustrai sendoak botatea eta neguak gogorrak izan arren sendo eustea" gura dauela adierazo dau. “Zuen eskaeran deskribidu zenduen moduan, umeen olgeta, gaztaroko maitasun, erromeria-egun eta danon artean eregi behar dogun etorkizunaren lekuko izan daitela.”

Landaketa-ekitaldiajazoera berezia izan da udalerriarentzat eta Harana banatuta dagoan lau kontzejuentzat. Haretxak komunidadeko hainbat ordezkariren arretea bereganatu dau eta alkateaz gan, udalbatzaz eta kofradiako kideez gan, Arabako udalerriko hainbat alkartetako kideak, Mendialdea ikastolako ikasleak, Haranako Abesbatza (Txori-Txori eta Agur Jauna abestu ditu), Administrazino Batzarrak eta herriko bizilagunak izan dira ekitaldian. Horrezaz gan, lurralde historikoko beste persona batzuk be egon dira ekitaldian, horreen artean Estefania Beltran de Heredia Arabako senataria, Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputadua eta Jon Urresti Vital Fundazinoko presidentea.

Zugatzaren ondoan plaka bat jarri da, ondoko inskripzinoagaz (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez):


Gernikako Haretxaren leinukoa.

Euskal Herriaren askatasunen

eta bake gogoaren ikurra.

1937an, herritar zibilen aurka munduan

berariaz egindako lehen bonbardaketa

jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren

gomutaz egin eban 'Guernica' artelana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu