Euskaltzaindiaren Hiztegiak 329 forma barri ditu

Bizkaie! 2022-01-13 13:15   Euskerea berbagai

Azken sei hileotan egindako lanaren emoitzea dira sarrera eta azpisarrera barriak.

Papelezko azken bersinoa 2016an argitaratu eban arren, Euskaltzaindia eten barik dabil Euskaltzaindiaren Hiztegiaren edukiak zabaltzen, zuzentzen eta aberasten. Egindako horreek hobekuntza guztiak urtean bitan gehitzen ditue online bersinoan, hau da, sei hilerik behin eduki barriak agertzen dira Hiztegiaren interneteko gunean.

Hortaz, 2021eko bigarren seihilekoko barritasunak sarera igon eta horreen barri emon dau Akademiak. Danetara, 329 forma barri dakarz Euskaltzaindiaren Hiztegiak: orain arte egon ez diran 211 sarrera eta lehendik egon diran sarreren barruan sartutako beste 118 azpisarrera. Horrezaz gan, 306 sarrera moldatu edo findu ditue.

Ikusi eguneratze honetan gehitu edo moldatu diran sarrera eta azpisarreren zerrenda osoa hemen.

Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak, adierazo dauenez, asko eta askotarikoa da azken sei hilabeteotan landu dan materiala. Berba barriei erreparau bai, baina batez be lehendik dagozan sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osotzen eta zuzentzen ibili gara, lan hori ez da inoiz amaitzen

Azken sei hileotan gehitutako berbetako batzuk dira apuratu, narko, hormatzar, efektibo, dietista, kafetxo, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, joskintza, partzela, tik-tak, txikitero, pisukide, ibuprofeno, doktrinamendu, podcast...

Azpisarrera barrien artean be badira barrikuntzak. Esaterako, arrisku(-)egoera, haur(-)eskola, orri(-)bazter, setio(-)egoera, sexu(-)abusu; sexu(-)eraso, hil ala biziko, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, off-eko ahots, berri(-)agentzia, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi, esklusiban, foru(-)zuzenbide eta beste asko.

Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.596 forma ditu guztira (40.002 sarrera eta 9.594 azpisarrera) eta 68.695 adiera (horreetatik 2.420 azpiadierak dira).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu