Sagardao denporaldia prest, oraingo egoerara egokituta

Bizkaie! 2022-01-13 10:36   Jan edanak

Amak laukoteak aurkeztu dau sagardao barria.

Barikuan, hilak 14, zabalduko ditue Euskal Herriko sagardotegiak, eta produktore zein ostalariek dana prest dabe aurtengo denporaldiari ekiteko. 2022an edan ahal izango dogun sagardao barria aurkezteko ekitaldi jentetsuan, Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariak eta gastronomiaren zein kulturgintzearen munduko persona ezagun ugari egon dira, baina protagonista nagusiak Amak laukote musikaleko kideak izan dira.

Maixa Lizarribar, Alaitz Telletxea, Amaia Oreja eta Kristina Solano dira Amak, musikan ibilbide luzea egindakoak laurak be. Edalontziak eskuetan hartu, kupelaren alboan jarri eta aurten lehenengo aldiz egin dabe txotx. Ganera, denporaldia hasteko ekitaldian sagarrondo gaztea landatu dabe laurek.

Pandemiak eraginda, salbuespenezko neurriak izango dira 2022ko sagardao denporaldiaren ezaugarri nagusia. Hasteko eta bat, Eusko Jaurlaritzeak plazaratutako arauari kasu eginez, urtarrilaren 28ra arte sagardaoa pitxerretan eroango da mahaietara, bezeroak ez daitezan kupelera txotx egiten altzau. 

Horrezaz gan, ostalaritzan ohikoak diran beste protokolo guztiak errespetauko ditue sagardotegietan. Dana dala, Sagardogileen Alkarteak uste dau beti-betiko esperientzia bizi ahal izango dauela jenteak: Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta aukera handia emoten deuskue distantziak errespetau eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozetako.

Sagardotegietara bisita gidatuak, dastaketa eta guztikoak antolatuko ditue aurten, hori da barritasun nagusietako bat. Ganera, online dendan sagardaoa erosi edo sagardotegiko erreserbak egin leitekezala gogoratu dabe produktoreek. Hori bai, oharra egin deutse konsumitzaileei: aurten % 10 eta % 20 igongo ditue prezioak, egoereak behartuta.

Unai Agirre da Euskal Sagardogileen Alkarteko ordezkaria, eta datu jakingarri batzuk emon ditu. Jatorri Deiturearen barruko produktoreek sekula baino sagardao gehiago egin dabe, 3,5 miloe litro, sagar uzta oparoari esker. Igaz baino sagardao arinagoak dira aurten, lurrintsuak eta alkohol graduazino bajutxuagokoak.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 49 sagardotegi eta 250 sagargile batzen ditu Jatorri Deitureak. Barikutik, bezeroak hartzeko prest izango dira, oztopoen ganetik, bertoko zein kanpoko bisitariei esperientzia gozagarria eskaintzeko prest. Urte berezia dan arren, ondo mereziduta dogu sagardaoaz gozetea, Unai Agirreren arabera. 

Argazkiak: Euskal Sagardoa eta Amak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu