Neguko Bidaia Getxon, urtarrilaren 22tik zezeilaren 26ra

Bizkaie! 2022-01-13 09:22   Musikea

Kontzertuak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira eta sarrerearen prezioa 5 eurokoa da.



Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, aurten hainbat musika-estilo izango dira (jazza, folka, musika klasikoa, lirikea eta bilbainadak) eta protagonismo berezia izango dabe euskal eszenako artistek eta taldeek. Halan da be, kanpoko talde ospetsu bik be parte hartuko dabe: Capriccio Vocale, Santiago de Compostelakoa, eta Trio Vivo, Bartzelonakoa. Ziklo honetan ohikoa dan legez, saioak amaitu ostean, artistek publikoaren galderei erantzungo deutsee.

Egitaraua

Lehenengo kontzertua, urtarrilaren 22an, jazz fusinoa izango da, Malos tiempos hirukotearen eskutik. 2017an sortua, Jose Urrejola (flautak, saxoak, EWI, tekladuak, perkusinoa, konposizinoa eta konponketak), Eloy Urrejola (baxu elektrikoa eta baxu elektrikoa) eta Juanfran Moyano (bateria) dira taldekideak.

Hilaren 29an, Folk al dok? boskotearen txandea izango da. Taldean dira Gentzane Fernandez, Eneko Benito, Iker Álvarez, Ander Trabudua eta Ieltxu Jimenez. 15 instrumentu baino gehiago erabiliz, folkaz daben ikuspuntu berezia erakutsiko dabe.

Zezeilaren 5ean, Richie Salvador Quartet igoko da agertokira: Andoni Aizpuru (saxoa), Jon Ander Amigo (musikea eta kontrabaxua), Ander Hernández (bateria)
eta Richie Salvador (pianistea). Konposizino propioak eta laukotearentzat moldatutako jazz errepertorioko standard batzuk joko ditue.

Zezeilaren 12an, Trio Vivo bartzelonarren txandea izango da: Miquel Ángel Cordero (baxua), Joan Antoni Pich (biolontxeloa) eta Carlos Montfort (biolina). Hiru musikari horreek euren karrerak jazz, musika garaikide edo flamenkoaren bideetatik eroan ditue, formazino klasikoari uko egin barik eta sormenari eta inprobisazinoari espazio berezia emonez.

Capriccio vocale hirukote galiziarrak lirika errezitaldia eskainiko dau zezeilaren 19an. Olga Raícesek (sopranoa), Fernando Enseñat-Bereak (baritonoa) eta Julián Jesús Pérezek (pianistea) interpretauko ditue Espainiako kontzertu-kantak, Galiziako lirikea, zarzuela erromantzak eta bikoteak eta opera zatiak.

Zikloa zezeilaren 26an amaituko da, Los 5 bilbaínos taldearen kontzertuagaz, bilbainaden errepertorio klasikoa ekarriko dabe Getxora (euskaraz eta gaztelaniaz), zenbait pupurritan, 4 ahotsetara abestutako moldaketakaz.

Sarrerak 5 euroan dagoz salgai (gaur egungo osasun egoerea dela eta, besterik jakinarazo arte, sarrerak leihatilan erosiko dira ekitaldiaren egunean, 16:00etatik aurrera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu