Euskadiko Orkestrea 'hileko orkestra' izentau dabe

Bizkaie! 2022-01-13 08:42   Musikea

Gramophone aldizkari espezializaduarena da aitamena.

Musika klasikoaren munduan erreferente dan Gramophone aldizkariak Euskadiko Orkestrearen azken aldiko produkzino artistikoa nabarmendu dau 2022ko urtarrileko alean eta hileko orkestra izendapena emon deutso. Kalidadezko kontzertuak, balio handiko diskoak eta euskal kultureari eusteko ahalegina azpimarratu ditu aldizkari entzutetsu horrek.

Euskadiko Orkestrea kalidadezko kontzertuak eskaintzeko baino zeozer gehiagorako existiduten da, dino Andrew Mellor Gramophone-ko kideak, euskal kulturearen sustapenean egiten dauen lana gogoan. Edozein dala be bere DNA musikala, talde moderno eta moldakorra da, ganeratu dau.

Bestetik, euskal musikazaleakaz Orkestreak dauen lotura estua be aitatzekoa begitandu jako aldizkariari. Publiko leiala dauela dino eta, Covid-19a agertu zanean, Europako lehenengo orkestretako bat izan zan pandemian agertokietara bueltetako urtenbideak bilatzen.

Hileko orkestra izendapena eskuratzeko, erabagigarriak izan dira Euskadiko Orkestreak azkenaldion plazaratu dituan disko bi, musika klasikoaren alorrean harrera eta kritika onak izan ditue eta. Ravel izan zan horreetako lehenengoa, eta Americascapes orain dala aste gitxi argitaratu eben. Lan biek izan ditue sari eta izendapen ugari. 

Pozarren hartu dau Gramophone-ren aitamena Robert Treviñok, Euskadiko Orkestrako zuzendari titularrak: Ordezkatzen dauen nazinoarentzat garrantzi handia dauen orkestrea da hau eta nik, hurretik ezagutzen dodanez, baieztau neike nire musika-familia bihurtu dala persona-talde zoragarri hau.

Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Rochek be esker oneko berbak izan ditu. Espainiako orkestrei ez jake erraza egiten nazinoarteko arretea lortzea eta, beraz, ez dogu arintasunez hartzen aintzatespen zoragarrion ohorea. Inspirazino eta erabagitasun handiagoa izatera bultzatzen gaitu, baita honako garai gatxetan be, eta Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatzera bultzatzen gaitu, ahal dogun ondoen musika ona interpretauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu