Bizkaiko Foru Liburutegiak euskerazko irakurle kluba ipini dau martxan
2022-01-12 13:35 KultureaTxani Rodriguez idazle eta kazetariak dinamizauko ditu saioak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegiak euskerazko irakurle klubaren 2022ko edizinoa aurkeztu dau, eta izena emoteko epea zabaldu. Urtarrilaren 27tik bagilaren 16ra bitartean, aste birik behin batuko dira parte-hartzaileak, hitzordu bakotxerako proponidutako liburuaz berba egiteko. Txani Rodriguez idazle eta kazetariak gidatuko ditu saioak.
Plazak mugatuak dirala ohartarazo dau Foru Aldundiak (20 lagun gehienez), hortaz, izena ahalik eta arinen emotea komenidu jake interesdunei, plazak hurrenkerearen arabera emongo dituelako. Urtarrilaren 24ra arteko astia dago izena emoteko, Foru Liburutegiaren tailer eta ikastaroen webgunearen bidez (hemen).
Helburu bat baino gehiago ditu irakurle klubak. Lehenik eta behin, euskerazko literatura garaikidea ezagutzeko bidea da, eta, ganera, plazer hutsezko azaleko irakurketatik harago, analisi sakonagoak egiteko modua. Bestetik, eretxiak konpartidu, taldean parte hartu eta norbere ikuspuntua garatzeko aukerea be emoten dau.
Foru Liburutegiak saio bakotxean aztertuko diran liburuen zerrendea atondu dau. Hortaz, parte-hartzaileek horreek liburuak irakurri beharko ditue, ondoren taldean jorratzeko. Urtarrilaren 27an aurkezpeneko saioa izango da eta zezeilaren 10ean Nerea Loiolaren Epizentroa liburuaz egingo dabe berba.
Hurrengo saioetan aztertuko ditue Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez), Bihurguneko nasa (Uxue Apaolaza), Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe), Nola izan garen gauza: euskal gatazkaren inguruko ipuin ia guztiak (Iban Zaldua), Kapitan Frakasa: remake bat (Anjel Lertxundi), Karena (Alaine Agirre) eta Krakovia (Goizalde Landabaso).
Saio guztiak Bilbon, Foru Liburutegiko berbaldi aretoan egingo ditue, martiaren 3koa izan ezik. Egun horretan, Tailerren Gelan aztertuko dabe Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa.
Irakurle klubaren dinamizatzailea, Txani Rodriguez, aspaldi hasi zan idazten, gehienbat gaztelaniaz, baina euskeraz be bai. Helduentzako nobela eta ipuinak, umeentzako liburuak, komikien gidoiak eta prentsako zutabeak idatzi ditu. Euskadi Literatura Saria irabazi eban 2021ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!