Hitanoa lantzeko berba taldea Zornotzan
2022-01-12 09:55 Euskerea berbagaiZezeiletik bagilera egingo dabe, zortzi-hamar lagun batzen badira.
Inguruko beste herri batzuetan egiten dabizan lez, Zornotzan be hitanoa edo hika lantzeko egitasmoa jarriko dabe martxan, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurreratu dauenez. Herritar batzuek eskaria egin eutsen Udalaren Euskera Zerbitzuari, eta honek erronkeari heldu deutso. Ondo bidean, zezeiletik bagilera egingo dabe berba taldea. Horretarako, interesa daben zortzi edo hamar lagun inguruk izena emotea behar dabe.
Dana ondo badoa, astean bitan batuko da hitanoa lantzeko taldea. Saioak zati bitan banatuko ditue: lehenengo ordu erdian, hitanoaren inguruko azalpenak emongo deutsez parte-hartzaileei eta, ondoren, hurrengo orduan, alkarren artean egingo dabe berba, toka eta noka.
Berbalagun taldeetako bat izango dan arren, hitanoa lantzeko taldeak berezitasun batzuk izango ditu, batez be partaideen euskera maileari jagokonez. Berbalagun talde arruntetan, euskerea hobetu nahi daben jentea dago gehienbat; hitanoa lantzeko taldean sartzeko, ostera, euskeraz ondo jakitea ezinbestekoa izango dala dino Udalak, eta bizkaieraz berba egitea.
Herrian egiten dan hitanoa landuko dabe taldean. Era horretara, norberaren euskerea eta erregistroak aberasteaz gan, Zornotzako ondare linguistikoa gorde eta zabalduko da ekimen barriaren bidez.
Hitanoa lantzeko taldean parte hartu nahi daben herritarrek Udalaren Euskera Zerbitzura jo behar dabe, 94 630 00 02 (120 luzapena) telefonora deituta edo euskara@amorebieta.eus helbidera idatzita.
Oñatin, Appa hi!
Hitanoa edo hika lantzeko egitasmoak gero eta leku gehiagotan agertu dira. Zornotzan berba taldea sortuko dabe eta Oñatin, ostera, Appa hi! izeneko aplikazinoa aurkeztu dabe. Badihardugu alkarteak eta CodeSyntax enpreseak egin dabe, Oñatiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, herriko hitanoa landu eta zabaltzeko asmoz. Geroago aplikazinoa beste herri batzuetara eroatea pentsetan dabiz.
Modu erraz eta dibertigarrian lantzen dira hitanoko formak Appa hi! aplikazinoan, toka zein nokako aldaerak. Probak gainditu eta mailak igoten joango da erabiltzailea, harik eta bost aste inguruan hitanoko adizki guztiak ikasi arte, bultzatzaileen arabera. Android eta iOS sistemetan deskargau leiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!