VI. Orkestra Zuzendarien Topaketea hilaren 14ko kontzertuagaz amaituko da

Bizkaie! 2022-01-11 12:36   Musikea

Bilboko Udal Musika Bandearen 2022ko lehenengo emonaldia izango da.

Douglas Bostock (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Seigarren urtez, Bilbao Musikak eta Udal Musika Bandeak Orkestra Zuzendarien Topaketea antolatu dabe, mundu osoko partaideakaz. Urtarrilaren 11tik 14ra egonaldia egiten dabiz urian, eta azken egun horretan kontzertua emongo dabe Juan Crisostomo Arriaga konserbatorioan (18:30). Publikoa doban sartu ahal izango da.

Bilboko Udal Musika Bandea izango da kontzertuko protagonistea. José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularrak gidatuko ditu musikariak, eta Douglas Bostock ingelesa izango da zuzendari konbidadua. Hain zuzen be, Pascual Vilaplana eta Bostock dira Orkestra Zuzendarien Topaketako irakasleak. 

Dietrich Buxtehude, Tetsunosuke Kushida, Alfred Reed, Guy Woolfenden eta Andrés Valero-Castells konpositoreen doinuak entzun ahal izango dira barikuko kontzertuan, besteak beste. Udal Musika Bandearen lehenengo kontzertua izango da 2022an. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 23an, Euskalduna Jauregian dabe, Etorkizun hurbila izenburupean.

VI. Orkestra Zuzendarien Topaketan parte hartzeko eskaria 51 lagunek egin dabe, batzuk Suitza, Herbehereak eta Austriakoak, beste batzuk hurragokoak. Horreetatik hamar aukeratu ditue antolatzaileek egunotako egonaldirako. Praktikak Udal Bandeagaz egingo ditue eta irabazleak bandea bera zuzendu ahal izango dau 2022-23 denporaldiko kontzertu baten. 

Bilboko Udalak azaldu dauenez, programearen helburua da orkestrako zuzendaritza ikasketak gaur egungo formazinoetan sustatzea eta baliabide teknikoak eta artistikoak eskaintzea talde instrumentalen zuzendari izan nahi dabenei. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu