Basilio Astulez: 'Ilusinoa eta pasinoa berreskuratu behar doguz'
2022-01-07 08:05 BarriketanVocaliako orkestra-zuzendaria.
Kantu koraleko irakaslea da Leioako Udal konserbatorioan eta bertako zenbait abesbatzaren sortzailea da Dulantzin jaiotako zuzendaria: 2001ean Leioa Kantika Korala, 2005ean La Kantoria nesken abesbatza gaztea eta 2007an San Juan Abesbatza mistoa. Koru eskola gazte honek 7 eta 25 urte bitarteko 150 abeslaritik gora batzen ditu eta sari ugari jaso izan ditu Espainia eta Europako lehiaketetan.
2000. urtean, Vocalia izeneko emakumeen ganbera-abesbatza sortu eban eta ordutik honako ibilbidean 20 sari baino gehiago irabazi ditu nazinoarteko abesbatza-lehiaketa garrantzitsuenetan.
Hamar disko grabau ditu, bai eta nazinoarteko zenbait bira egin be Europa eta Ameriketan eta lehen mailako bakarlari, orkestra, zuzendari eta abesbatzetan lankidetzan ibili da.
2008an, zuzendari onenaren sari berezia irabazi eban Goriziako (Italia) 47. C. A. Seguizzi Nazinoarteko Lehiaketan, Leioa Kantika Koralaren buruan egindako lanagaitik.
2009an, zuzendari onenaren sari berezia irabazi eban Tourseko (Frantzia) 38. Florilège Vocal lehiaketan, Vocalia Taldearen zuzendaritzeagaitik.
Gaur egun koru-zuzendaritzako irakasle lanetan ddabil hezkuntza erakunde, unibersidade eta zenbait abesbatza-federazinoentzako. Sarritan deitzen dabe Europan, Ameriketan zein Asiako lehiaketetan epaimahai lanak egiteko, bai eta ikastaro eta mintegiak emoteko be.
2018tik aurrera, gainera, koru-zuzendaritzako irakaslea da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.
1.- Vocaliak, emakumeak nagusi dituan abesbatzak domekan, urtarrilaren 9an, amaitu dau There is no Rose, Benjamin Britten konpositore britainiarraren A Ceremony of Carols suitea dakarren zikloa. Zelako harrerea izan dozue?
Sekulakoa. Sasoiotan kontzertuak emotea mirakurua da eta emon emon ditugu. Pozarren gagoz eta aitatu dozun hori ondo landu eta gozau egin dogu kantaldiotan, Sarasolak idatzitako lana erabili dogu, Gasteizen abenduaren 11n estreinau genduana eta harrera oso ona izan da. Gainera, harpa-jole italiarra, Francesca Romana di Nicola, ibili da geugaz, sonoridade berezikoa da harpea eta ikaragarri gozau dogu bai geuk eta espero dot, entzukeek be gozauko ebela.
2.- Barrikuntzea izan da Xabier Sarasola euskal konpositoreari proiektu honetarako pieza bat eskatu zeuntsiela eta Urtats Elur izan da emoitzea. Pozik?
Ezin sinistuta gagoz. Urtats Elur da Xabier Sarasolaren lana eta oso pozik gagoz. Berezia izan da eta, esan dozun legez, ez dalako ohikoa izaten konpositore bati pieza bat eskatzea. Edozelan be, A Ceremony of Carols emakumeen abesbatzentzat klasiko bihurtu da, 1948an estreinau ebenetik, mundu osoko ume eta emakumek abestu izan dabe Gabon jaietan eta, horren harian, Xabier Sarasolari eskatu geuntsan obra honen ispilu izateko obrea sortzeko baina bertoko eta Nafarroako ezaugarriakaz, hemengo eta hango tradizinoetan sakonduz. Esan eta egin, Sarasolak sormen lana egin dau, imitau egiten ditu jatorrizkoaren zatiak baina obra ederra sortu dau beasaindarrak.
3.- Taldearen asmoa ohiko programazinoetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati ekiteko ahots-talde bat sortzea da. Helburua bete da ala badagoz arloak jorratzeko?
[Barreka] Hogei urte daroaguz beharrean eta sekula ez dira beharrok amaitzen, beti dago gauzaren bat egin, zehaztu eta finduteko. Orain arteko etapa eta erronkatan izandako gorabehera, kontzertu, estreinu eta ganerakoak ondo bete doguzalakoan gagoz eta espero dot beste 20 urtean aitatu dozun helburuari eutsiz, beharrean jarraitzeko.
4.- Talde gaztea da Vocalia eta arloko beste abesbatza eta koruakaz konparauta abeslariak gazteak dira Vocaliakoak. Gazteak ez dira hurreratzen koru eta abesbatzetara edo hurreratu bai baina edade jakin batetik aurrera ez dabe segidu gura izaten...
Vocalian abeslari helduak dagoz, emakumeen abesbatza da eta emakume gazteak be badagoz, 20 urte daroazan enakume bat be badago baina egia da eguneratu beharrean dagozala abesbatz asko. Gazteen faltea igarten da baina abesbatzek eskaini beharrekoa aberatsa, gustagarria izatea da giltza, gizarteagaz bat egitea eta horretarako lan egin behar da. Errepertorioa aldatzea be ez litzateke txarra izango, ikasketa prozesua dinamikoagoa izatea, ahots katearen diseinu barria eta beste hainbat arlo moldatu daitekez. Gurea herri kantaria da, nork ez dau kantau bazkalostean eta afalostean baina horri eutsiz ezin gara bizi, erakargarri bihurtu behar doguz abesbatzak.
5.- Vocalian 35 abeslari dagoz gaur egun. Nongoak dira?
Euskal Herri osokoak dira, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak, nafarrak eta errioxar bat be badabil. Ensaioak Gasteizen egiten doguz eta lurraldeka banatuta hiru talde edo gabiz.
6.- Hogei sari baino gehiago irabazi ditu Vocaliak. Zein da gehien maite dozuna?
Sari bakotxagaz esperientziak bizi dozuz eta egia da Vocaliak sari asko irabazi dituala hemen eta munduan. Entzuteko handikoak asko, besteak beste, 2016. urtean, Tolosako Nazinoarteko Txapelketan, Guido D´Arezzon, Italian eta hurrago, Nafarroan, Berrioplanoko A Capella koruen txapelketan, sei arlotan irabazi genduan eta Frantzian, Florilege Vocals horretan gogoan dodaz bizitako esperientziak eta irabazitakoak.
Dana dala, Tolosako Txapelketea nabarmenduko neuke, geure geurea dalako eta maila handia egoten dalako beti.
7.- Zuzendari lanetan zeintzuk dira Basilio Astulezen ezaugarriak?
Gidari lana da orkestra-zuzendariarena baina ez naz ni personarik egokiena zelakoa dan nire lana esateko. Baina eguneroko lanari emoten deutsagu inportantzia, asteroko eta eguneroko energiari eustea eta horretan laguntzea da gure lana. Epe luzera begituten dogu eta abeslariak ilusionau eta pasinoari eutsi deiotsen gura izaten dogu.
8.- Vocaliak Neskatxena, 2005eko abenduan Ziortzako Kolegiatan grabautako diskoa be badauka, Maria Mater eta Haizeak dakar diskoak be ahaztu barik. Gustau jatzue saltsa hori?
Bai. Aitatu dozuzan diskoak plazaratzea oso aberasgarria izan da guretzako eta abesbatzaren hiru etapa jatortaz burura, grabaketa prozesuan be disfrutau egin genduan eta, duda barik, aukera gehiago sortuko balitx ez geunke atzera egingo. Aurreratuko deutsut idea batzuk badagozala egon, izan be, Xabier Sarasolaren obra barria 25 minutuko iraupenekoa da eta polita izan daiteke grabaketea egitea eta, horrezaz gan, ikerketa lanotan be bagabiz, folkorea eta konposizino barrietan eta lo kantak be erabili gura neukez grabaketaren bat egiteko.
9.- Leioa Kantika Korala ume kantarien abesbatza, La Kantoria nesken abesbatza, San Juan Abesbatza mistoa eta 2000. urtean, barriz, Vocalia Taldea sortu zenduan, emakumeen ganbera-abesbatza. Sortzaile zaitugu eta orain badozu buruan bestelako proiekturik?
Buruan bueltaka beti dabiz erronkak eta holakoak eta, gainera, pandemiak egoerea goitik behera nahastau deuskun arren, zeozelan mobimentu batzuk igarten dira eta bolada polita datorrela uste dot, ilusinoa eta pasinoa berreskuratu behar doguz.
10.- Kantu koraleko irakaslea be bazara Leioako Udal konserbatorioan eta koru-zuzendaritzako irakasle lanetan be bazabiz. Egunak 24 ordu baino ez daukaz...
[Barreka] Saiatzen gara ordu horreek ahalik eta ondoen aprobetxetan eta tarte bakotxari behar eta merezi dauen energia emoten. Egia da Musikenen hirugarren urtea egingo dodala orain zuzendaritza ikasketotan eta erronka handia izan bazan be disfrutetan nabil eta oso eskertuta nago, asko ikasi dot, irakurten, errepertorioak barritzen eta moldatzen ibilten naz eta ikasleakaz be aurrez aurreko tratua izaten dot. Orain bost ikasle ditut eta datozen urteotan zuzendaritzan ibiliko diralakoan nago. Asko daukat lantzeko baina pozik nabil lanotan.
11.- Azkeneko mezurik zabalduko zeunke?
Pandemiaren ostean, jarduera eta arlo askotan igarri da makaldu egin dala dana eta ikerketa bat be gogoan daukat, munduko abesbatza eta koruen arloan 30 jardueretatik % 30 ez dirala bueltauko azaltzen dauena; gogorra da datua eta egoera horri bueltea emoteko nire mezua baikorra da, bildurrik ez dogu behar, espero daigun 2022 urtea magikoa izatea eta zahar eta gazte, jentea hurreratu daitela musikearen eta abesbatzen mundura.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!