Bizkaiko Foru Aldundiak 3 miloe eurogaz bultzatuko dau euskerea

Bizkaie! 2022-01-03 11:33   Euskerea berbagai

Bost arlotan banatutako diru-laguntzinoak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko urtarrilaren 17an edegiko dau euskerea sustatzera, zabaltzera eta normalizetera bideratutako diru-laguntzinoak eskatzeko epea. Danetara 3.270.000 euro erabiliko ditu, bost alor edo deialditan banatuta.

Laguntzino guztiaren erdia inguru, 1.800.000 euro, udalei, udal erakunde autonomo, mankomunidade eta irabazi asmorik bako proiektuentzat dira, euskerearen erabilerea sustatzeko, zabaltzeko edo normalizaetako.

Beste miloe bat euro euskerazko aldizkako argitalpenak plazaratzera bideratuko dira. Hirugarrenik, 270.000 euro inbertiduko dira merkataritza soziedade, kooperatiba, banakako enpresaburu eta profesionalen ekimenetan, horreek be euskerearen erabilera sustatu deien. Ganera, 200.000 euro erabiliko dira 2022an informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia barrietan euskerea zabaltzeko.

Kultura eta Euskera diputadu Lorea Bilbaok azaldu dauenez, udalerri, mankomunidade eta irabazi asmorik bako personei zuzendutako laguntzinoen bidez, euskerearen erabilerea esparru ez formaletan sendotuko dabe, berbarako, eduki digitaletan, edo ume eta gazteentzako kirol jarduerei lotutakoetan.

Euskerea gizarteko eremu guztietara zabaltzeko ahaleginean, lekuan lekuko, eskualdeko eta lurraldeko  argitalpenak bultzatzea be ezinbestekotzat jo dau Foru Aldundiak, baita eremu sozioekonomikoan eragitea be. Horretarako, enpresen munduan euskerearen erabilerea sustatzeko planak lagunduko dira. Ganera, 2022an Lantokiko Prestakuntza modulua euskeraz egiteko aukereak eragiten dituan gastuak finantzietan lagunduko dau aldundiak.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak ezinbestekotzat jo dau informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien ahalmen izugarriak erabiltea hizkuntzea landu, prozesatu eta zabaltzeko. Horregaitik, arlo horretako proiektuak gauzatzeak dakarzan kostuei aurre egiten lagunduko deutse sektoreko eragileei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu