Euskerazko antzerkia eta zinemea Santurtziko umeentzat
2022-01-03 09:59 Euskerea berbagaiFamilian gozetako zazpi plan dakarz Serantes Kultur Aretoak.
Santurtziko umeek eta familiek euskerazko aisialdiaz gozau deien, zazpi hitzorduko egitaraua atondu dabe Udalak eta Serantes Kultur Aretoak urtarrilean eta zezeilean, hiru antzezlan eta lau film hain zuzen. Urtero eskaintzen dogun programazinoa da, neurrizko prezioetan, publiko gazteena eta familiak gure antzokira erakarteko, adierazo dau Itsasain Ortolatxipi Kultura zinegotziak.
Batez be, 3 eta 10 urte bitarteko umeak eta honeen familiak izan ditue gogoan programazinoa atontzeko orduan. Gurasoak eta seme-alabak alkarregaz joan ahal izan daitezan, domeka eguerdietan, 12:30ean, izango dira saioak. Ortolatxipiren arabera, familian gozetako aisialdi aukera bat eskaini nahi dogu, balio positiboak sustatzen dituen film eta antzezlan batzuen bidez.
Programazino bereziko lehenengo hitzordua urtarrilaren 9an izango da, Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa filma. Kondairearen arabera, ahalmen berezidun diamante magiko bat dago eta ilbetearen argiak ikutzen dauenean, bere jaubearen desioak beteten ditu. Horren kontura, abentura ikusgarriak bizi izango ditue pelikulako protagonistek.
Hilaren 16an antzerkiaren txandea izango da: Galder Perezek zuzendutako Perez sagutxoa obrea ikusi ahal izango da Seranteseko oholtzan. 23an, Bigurri, etxetik kale gorrira filma proiektauko dabe eta 30ean, Zuhaitzak landatzen zituen gizona antzezlana helduko da Santurtzira.
Zezeilean izango dira egitarauko azken hiru emonaldiak: 6an, Turuleka oiloa filma; 13an, Leihoak antzezlana; eta 20an, D’Ortagnan eta hiru mosketxakurrak, D'Artagnan personaia literarioan oinarritutako marrazki bizidunetako pelikulea.
Santurtziko Udalak jakinarazo dauenez, euro bi pagau beharko dira filmak ikusteko; antzezlanetarako, lau. Preziook ume zein helduentzat dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!