HABEk eta Euskaltzaindiak lankidetzea indartuko dabe
2021-12-30 12:33 Euskerea berbagaiHurrengo lau urteetarako hitzarmena sinatu dabe.
2009an hasitako lankidetzeari eutsi eta alkarri laguntzeko bideak zabalduko ditue HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak eta Euskaltzaindiak, instituzino biotako ordezkari gorenek sinatu daben akordioari esker. Hurrengo lau urteotan egongo da indarrean.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran (HABEren izenean) eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Biak agertu dira pozik akordioak euskerearen normalizazinoari eta erakunde bien funtzionamenduari ekarriko deutsen onureagaitik. Lehendik dogun alkarlana berrestera eta indartzera dator, adierazo dau Urrutiak.
Hitzarmenak dakarrenez, HABEk sortzen dituan testuak hartu ahal izango ditu Euskaltzaindiak, bere corpusetan txertatu eta lexikoaren zein hizkuntzea erabilteko moldeen inguruan egiten dituan ikerlanetan erabilteko.
Miren Dobaranek gogora ekarri dau inportantea dala halako baliabideak Akademiaren esku ixtea: euskerearen garapen digitalerako beharrezkoa da testu-corpus handiak eskura izatea, horrek bermatzen dauelako garatuko diran aplikazino teknologikoen gitxieneko kalidadea, adibidez, itzultzaile neuronalean, lematizatzaileetan, ahots-sintesian, ahozkoaren transkripzinoetan eta abarretan. Hortaz, euskerearen inguruan erakundeek sortzen dituen testuak konpartidutea ezinbestekoa dala dino sailburuordeak.
HABEren corpusa Euskaltzaindiaren esku ixtea hitzarmenaren barritasun nagusia izanik be, Andres Urrutiak ez dau ahaztu nahi izan orain arte ibilitako beste bide batzuetan be sakonduko dala: bateko, HABEk sorturiko testu-moltsoa baliatzeko aukerea izango dogu; besteko, lehendik doguzan alkarkidetzarako hariak areagotzen doguz euskerearen soziolinguistikearen eremuan, argitalpenak eta informazino bibliografikoa trukatuz eta alkarregaz elikatuz.
Erakunde bion arteko alkarlana euskerearen normalizazinoaren esparruan gauzatuko da, batez be, euskerearen ezagutzan, erabileran, ikerketan eta sustapenean. Jarduera horreetan guztietan, Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak aintzat hartzeko konpromisoa dau HABEk.
Horrezaz gan, argitalpenak kaleratzeko egitasmoetan alkarregaz lan egingo dabe eta erakunde bien liburutegien arteko lankidetzeari eutsi. Lankidetza hau ikerketa-egitasmoetarako funtsen zabalkundea egiteko zein alkarren artean funtsak trukatzeko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!