Euskaltzaindiak 692 testu gehitu deutsoz 'Hizkuntza-Zuzenbidea. Testu-bildumea euskeraz' egitasmoari
2021-12-29 12:28 Euskerea berbagaiHiru formatutan eskaintzen da: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatuan.
Euskaltzaindiak 2007an hasitako egitasmo garrantzitsu baten hirugarren emoitzea aurkeztu dau gaur bere egoitzan: hain zuzen, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu bildumea euskeraz (III). Proiektu honen helburua ez da sorreratik aldatu, izan be, euskaldunon hizkuntza-eskubideak euskarri digital bakarrera batzea eta hiztunek, legelariek eta ikertzaileek erabilteko modua izatea.
2007ko lanari eutsi eta 2019an bigarren bersinoa aurkeztu eben, barrikuntza garrantzitsuak zituala, batez be, testuen kopuruari eta argitalpenaren beraren formatuari buruzkoak. Iruñeko Baluarten agertu eben bigarren bersinoa eta Euskaltzaindiak aurkezpenean bertan agindu eban argitalpen ha aldian-aldian barrituko ebala. Esangura horretan, 3. argitalpena barrikusi eta emendatu honen bitartez jarraipena emon jako 2007an hasitako bideari eta zeregin horretan jardun dabe Andres Urrutia euskaltzainburuak, Santiago Larrazabal legelariak eta Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak.
Argitalpen honen bereizgarri nagusiak hedadura geografikoa, edukia, denpora-eremua, antolaketea eta testuen kopurua dira.
Hedadura geografikoa
Arlo honetako barrikuntzarik garrantzitsuena Espainiako Erresumako atalari jagoko, izan be, 2019ko 1. edizino digitalean, Espainiako Erresumako Gorteek, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak hizkuntza-zuzenbidearen inguruan onetsitako testuak argitaratu ziran. Oraingo 2. argitaraldi elektroniko honetan, barriz, Espainiako Erresumako gainerako autonomia-erkidegoetako parlamentuen legeak be barruratu dira, legeok hizkuntza-eskubideak zelan edo halan ikututen dituanean.
Edukia
Alde batetik, hizkuntza-eskubideen alderdi pertsonala arautzen daben legeak sartu dira, hizkuntza-eskubide kolektiboak arautzen dituenez gan. Bestetik, hizkuntza-eskubideak xede-eskubide dira batzuetan, baina tresna-eskubide be badira besteetan; holan, hizkuntza-eskubideak beste eskubide batzuk babesteko lanabes dira (giza duintasuna, konsumitzaile-izakerea...). Hirugarrenik, estaduaren, autonomia-erkidegoen eta erreginoen testu instituzionalak ekarri dira
argitalpen honetara, testu horreen araudiak hizkuntza-eskubideak ikututen dituenean (HABEren legea, esaterako). Laugarrenik, hizkuntza-zuzenbideaz kanpoat, lege-testuak eta nazinoarteko hitzarmenak sartu dira gizabanakoen hizkuntza-eskubideak ikututen dituenean. Azkenik, gaztelaniazko eta frantsesezko testu elebakarrak euskeratu egin dira.
Laburbatuz, 2019ko argitaraldian, 94 testu jasoten ziran, argitaldari elektroniko honetan, barriz, 786 testu jaso dira, hau da, 692 testu barri erantsi dira argitalpenean.
Hiru formatutan
Euskerearen estandarizazino eta batasunaren ikuspegitik, 2019ko argitaraldirako erabilitako erispide eta oinarriak ezarri dira oraingo argitaraldi elektroniko honetan be, ordutik hona hartutako erabagien ondoriozko aldaketak sartuz.
Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).
2019ko edizinoan egin zan lez, bilaketa zabalak egin daiteke bigarren argitaraldi digital honetan, bai eta bilaketa murriztuak be, eta, gainera, bilaketen emoitzak batera agerrarazo.
Eginkizun hori erraztu eta zehatzago egin ahal izateko, 35.702 bilatzaile gordin landu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!