Iñaki Martínek Familia Medikuaren 2021eko Saria irabazi dau

Bizkaie! 2021-12-28 11:33   Kulturea

Klinika asistentzialean, ikerketan eta irakaskuntzan egindako ibilbidea autortu deutse.

Iñaki Martín Lesende. Erretratua: Egoi Markaida. UPV/EHU | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak (RANME) Medikuntza Orokorraren/Familia Medikuntzearen 2021eko saria emon deutso Iñaki Martín Lesende doktoreari eta honek pozarren adierazo dau ondokoa: Nire bizitza profesionaleko eremu guztietan –eremu asistentzialean, ikerketan eta irakaskuntzan– egin dodan ibilbideari egindako autorpen garrantzitsua da.

RANMEk 23 sari emoten ditu bere fundazinoaren bitartez, Espainiako medikuen lana, dedikazinoa, ahalegina eta ibilbidea jentaurrean aintzatesteko. Zortzi kategoriatan banatzen dira: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntzako Ibilbidea, Komunikazinoa, Ikerketea, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa. Martín Lesende doktoreak Madrilen jasoko dau saria, 2022ko urtarrilaren 11n egingo dan ekitaldian.

Iñaki Martín Lesende (Erandio, 1962)

Orekearen saria da, bizitza profesionaleko 34 urteetan zehar, hainbat lan eremutan, ikerketan eta irakaskuntzan buztartu baitau lan kliniko asistentziala; irakasle izan da UPV/EHUko Medikuntza Sailean eta Basurtuko Irakaskuntza Unidadean ibili da; Lehen Mailako Arretako mediku izan da Indautxuko osasun zentroan (Bilbo-Basurtuko ESIa) eta gaixotasun kronikoak dituen personentzako jagoletza integralen ikertaldeko kide Biocruces Bizkaiko Ikerketa Sanitarioko Institutuan.

Etenbako prestakuntza sakona izateaz gan, alkarlanerako konpromisoa izan dau erakunde sanitarioagaz (Osakidetza, Kantabriako Osasun Zerbitzua eta Osasun Ministerioa), alkarte zientifikoakaz (Familia eta Komunidadeko Medikuntzako Espainiako Alkartea –semFYC–), eremu soziosanitarioagaz eta komunidadeagaz.

Martín Lesendek praktika asistentzialaren arloko hainbat ikerketa proiektu zuzendu ditu eta hiru eremutan nabarmendu da bere irakasle eta ikertzaile lana. Alde batetik, edadekoentzako Lehen Mailako Arretan, osasunean eragina daben lehentasunezko eremu klinikoetan: ahultasuna, balorazino geriatrikoa, eskalak (VIDA galdetegia) eta informatizazinoa (VALINTAN tresna); IKTen erabilerea –telemonitorizazinoa– (TELBIL proiektua: Europako Batzordeak pazienteak etxean artatzeko gomendatzen dituan mundu mailako bost praktiketako bat da eta Txilen, Argentinan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan be aplikau dabe). Horrezaz gan, komunikazinoaren eta alkarrizketa klinikoaren arloan nabarmendu da saritua, batez b ibilbide profesionalaren lehen hamar urteetan egindako lanagaitik; eta, azken urteetan, ekografiaren arloan.

Haren espezializazinoa dala eta, izen handia lortu dau nazinoartean: MOEren Lehen Mailako Arreta atsegina edadekoentzat izeneko proiektuaren diseinuan parte hartu dau; berbaldiak emon ditu Familia eta Komunidadeko Medikuntzako Europako Alkartearen biltzarretan –WONCA Europa–, baita Europako Batzordean be; Argentinako eta Txileko profesionalakaz be ibili da alkarlanean (gaur egun be jarraitzen dau) eta ahultasunari buruzko ADVANTAGE Joint Action ekintzako aditu taldeko kide izan da oraintsu.

Azkenik, irakaskuntzeagaz dauen konpromisoa be deigarria Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Medikuntza Sailean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu