Andrea Momoitio: 'Inon aitatzen ez ziran gauzak jorratu gura genduzan'

Koldo Isusi Zuazo 2022-01-03 07:55   Barriketan

Pikara Magazineko koordinatzailea.

Emakunde Saria irabazi dau oraintsu Pikara Magazinek, kazetaritzan bardintasunaren alde egin dabenei, baita Lucía Martínez Odriozola zanari (Irune Pascual Ugarte, Odriozolaren ordezkari) eta Berriari. Emakume eta gizonen arteko bardintasunagaz konprometidutako kazetaritzea egiten daben norbanako eta komunikabideak autortu gura izan ditu Emakundek. Bardintasunaren aldeko prestakuntzea zein jardun praktikoa gogoan hartu ditue sari hirukotxa emonda.

Lucía Martínez Odriozolaren kasuan, arlo akademikoari eta kazetaritzeari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu dau epaimahaiak, baita kazetaritza generalisteari eta kazetaritza espezializaduari egindako ekarpena be. EHUko Informazino Zientzien Fakultadeko irakaslea, Genero ikuspegia dauen Kazetarien Euskal Sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zan.

Emakundeko Begira, Publizidade eta Komunikazino ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea be izan zan 2013tik eta, bertan, trebetasuna eta ezagutzea eskaini zituan hil zan arte.

Pikara Magazine aldizkari feministea da eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideakaz dauen konpromisoagaitik. Emakumeen mobimenduen jardueren dokumentazinoagaitik nabarmendu dabe, baita emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komuniketako trebetasunak hobetzeko eta sare sozialeetan sartzeko eskaintzen dituan aukerakaitik be.

Azkenik, Berria egunkariak bardintasunagaz eta feminismoagaz dauen konpromisoa nabarmendu dau epaimahaiak, genero-ikuspegia eguneroko praktiken artean sartzen dauen kalidadezko informazinoaren bidez. Nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari Berria-k egiten deutsan ekarpena: estilo-liburuak egin ditu, bardintasun-planak diseinau...

1.- Saria Berria, Lucía Martínez Odriozola zanari eta zuoi emoten eutsuela jakin eta zer pasau jatzuen burutik?

Zoramena izan da baina erraza ez da izaten gure egunerokoa, laguntzino larregi be ez dogu izaten, gurera datorrenak izen eta kolaboratzaile piloa dogula pentsau arren. Ez gara atzo goizekoak, 11 urte daroaguz Pikara Magazine ikuspuntu feministea dauen argitalpena egiten eta, duda barik, hau eta daukaguzan
beste guztiak be oso gustora hartu doguz. Sarion artean, igaz EHGAM taldearena irabazi genduan eta guretzako oso inportantea izan zan, Zirgari saria BFAk emoten dauena jasotea be ederra izan zan eta Euskal Herriko Kazetarien Sareak emon euskuna be ez dogu ahaztuko. Autortza asko dira eta alde diferenteetatik datozanak.

2.- Aurtengo udan hildako Lucia Martinez Odriozola, Pikara Magazineren sortzailea izan zan. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek?

Sortzailea izan zan ondokoakaz batera, June Fernández, Itziar Abad eta Maite Asensio Lozano eta gu pozarren gagoz. Bitxikeria legez kontauko deutsut, Gasteizera saria hartzen ginoiazala, Maite Asensiogaz batu ginala Pikararen sortzaile taldekoa izandakoa eta momentu ederra izan zan.

Gaur egun June Fernández, Mª Ángeles Fernández, Tamia Quima Morales eta neuk osotzen dogu Pikara Magazine.

3. Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren arloan egindako lanagaitik nabarmendutako persona fisiko zein juridikoei jentaurreko autortzea egitea eta lan hori nabarmentzea...

Bai, hautagai gehiago egon dira eta geuri emotea berezia izan da, autortzeagaz pozarren gagoz eta sariak ondo emonda eta merezi dabelako emon ditue baina esango deutsut hamalau mila ta pikuko sariari hiru zati egin deutseela, saridunak hiru izan garelako eta gurea lako hedabide txiki batentzako eskas geratu dala, desengainauta geratu gara.

4.- Aldizkari feministea da Pikara Magazine. Zergaitik sortu zan Pikara Magazine? Nortzuk eta zenbat zagozie gaur egun?

Beharrizana ikusi gendualako sortu zan Pikara Magazine orain 11 urte, beharrizana eta inon aitatzen ez ziran gauzak jorratu gura genduzalako, hain zuzen be. Euskal Herriko kazetarien Bardinsarean gengozan, lagunak ginan eta pentsau genduan idea ona zala geure aldikzkaria sortzea, geure ardura eta gorabeherak
plazaratu eta zabaltzeko; pentsau eta egin, di-da beharrean hasi eta holan sortu zan Pikara; hasierako sortzaileak izan ziran June Fernández, Lucía Martínez Odriozola, Itziar Abad eta Maite Asensio Lozano baina hor tartean gengozan danak. Gaur egun, barriz, lehen esan deutsudan legez, June Fernández, Mª Ángeles
Fernández, Teresa Villaverde, Tamia Quima Morales eta neuk osotzen dogu Pikara Magazine.

5.- Ainhoa Guemes, June Fernadez eta Oihana Bartra lako kolaboratzaileak dozuez: Kazetariak, sortzaileak, bertsolariak...

Kolaboratzaile pilo bat dabiz gurean, 80, 90 aitatzen badeutsudaz ez deutsut guzurrik esango. Esan dozuzan horreek erakartea ez da erraza izaten baina proponidu eta zertarako dan entzuten dabenean, erraz etorten dira geurera.

6.- Mundu zabaleko gorabeherak be jorratzen dozuez, politikea, ekologia, konsumoa eta Fikzinoak atal be hor dozue... Zeintzuk dozuez barrietarako iturri?

Bai. Besteak beste, Florencia Goldsman, Lara Villalon, Luna Gamez eta Ainhoa Guemes izaten dira testuak idazten dituenak eta hasi ginanean, Diagonal aldizkariari segidu geuntsan, eredu edo hartu genduan eta hemen gagoz.

Fikzinoak txatalean, barriz, Araceli Pulpillo, Sara Plaza, Ainara Medina, Rocio Niebla, June Fernandez eta nik neuk be idazten dot.

7.- Osasuna eta sexua lako gaiak be jorratzen dozuez eta Lucia Mbomio da hor nagusi. Nor da Lucia?

Lucia Mbomio kazetaria da, Aquí la tierra (TVE) zein en Españoles por el Mundo programetan ibilitakoa eta Las que se atrevieron liburua idatzi dauena.

Afroféminas taldeagaz kolaboretan dau eta Pikara Magazinen, besteak beste, Ser negra no es un trabajo eta Escoger es claudicar testuak idatzi ditu.

8.- Nortasun grafikoari be aparteko garrantzia emoten deutsazue. ..

Duda barik. Pikararen nortasun grafikoa beren-beregi lantzen eta jorratzen dogu, ikuspegi feministea ardatz hartuta eta gaiak korapilatzen ziran neurrian, kriminalidadea, pornografia eta antzekoak ilustrazinoen bidez erakustea nahitaezkoa dala pentsetan dogu, transmedia gara eta bideoak, marrazkiak, erretratuak, komikiak zein ilustrazinoak txertatzen doguz. Izen batzuk aitatzearren, besteak beste, Eider Agüero, Emma Gasco, Raquel Gu, Nuria Frago eta Ainara Azpiazu.

9.- Pikararen jarrerea eta esentzia feministea da, jarrera kritikoa eta urratzailea dituana...

Hasierako helburuak dira eta horretan ez dogu atzera egingo. Jenteak badaki nor garen eta zer garen. Edozelan be, gu ez gara aldizkari espezializatua, feminismoa ez da gai bat, mundua ikusteko jarrerea baino eta, esangura horretan, aldizkari politiko, kultural eta soziala gara, prest gagoz bestelako gai batzuk jorratzeko.


10.- Internetekoa bai baina papelean be idazten dozue. Zergaitik?

Gaur egun internetekoak dauka indarra eta zabalkundea baina papelean urtero lau monografiko argitaratzen doguz. Lau mila ale atara doguz aurten baina bost mila be izaten dira eta saldu egiten doguz danak. Papelari merezi dauen garrantzia emoten deutsagu eta jenteak oso gustora hartzen dau jarrera hori.


11.- Pikara izena nondik nora dator?

Ez zan erraza izan izena aukeratzea. Hautagai bat baino gehiago izan genduzan baina gure lagun Zaloaren txakurra Pikara deitzen da eta izen polita, aproposa begintandu jakun. Zaloa joan jakun baina giltzarri izan da Pikara Magazine honetan, berak proponidu eban izena eta danoi gustau jakun.

Beste alde batetik, Magazine abizena jarri geuntsan, revista edo aldizkari baino erakargarriagoa zalako, ezkutuko ezelako arrazoi barik baina geuk Pikara erabilten dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu