90eko hamarkadara egindako bidaia dakar Batzar Nagusiak erakundeak
2021-12-27 13:17 KultureaUrtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Bilbon egoitzea dauen Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak azken berrogei urteetan eskuratutako bilduma propioaren altxor artistikoak atara ditu barriro herritarren gozamenerako. Bagilean 80ko hamarkadako artea izan bazan protagonistea, oraingoan hurrengo hamarkadako margolanak eta eskulturak dagoz ikusgai, urtarrilaren 28ra arte, administrazino-egoitzako erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko pisua). 90eko hamarkadako artea. Sasoien arteko oihartzuna erakusketak egile ospetsuen eta EHUko Arte Eder Fakultadetik urten barriak ziran artisten lanak batzen ditu.
Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak beste horrenbeste artistaren 15 lan batzen ditu, gehienak 60ko eta 70eko hamarkadetan jaiotakoak. Txus Melendez, Juan Ugalde, Andoni Euba, Jorge Rubio, Fermin Moreno, Luis Candaudap, Dora Salazar, Asuncion Goikoetxea, Abigail Lazcoz, Roberto Ruiz Ortega, Jose Zugasti, Carmen Olabarri, Begoña Zubero, Patricia Lopez eta Eduardo Sorrouvill.
Erakusketa hau 90eko hamarkadara egindako bidaia da. Hamarkada horretan, hainbat jazoera sozial, politiko eta teknologikok ezarritako mugetatik urtetako eta sortzeko modu barriak ekarri zituen eta horreen oihartzunek gaur egun be jarraitzen dabe. 1989an Berlingo harresia jausi osteko testuinguru soziopolitiko barria, konputagailu personalen zabalkunde masiboak eta interneten garapenak ekarri eben aurrerapen teknologikoak, eta XX. mendeko arte bisualen tradizinoa bera, artistearen errealidadeaz eta esperientziaz bustitako erakusketa honetako lanetan islatzen dira.
Bizkaiko Batzar Nagusien arte-bilduman ia 200 lan dagoz, batzuk eskuratuak eta beste batzuk dohaintzan jasoak. Hogei bat 90eko hamarkada horretakoak dira. Altxor ezkutu hori Anton Aurre demokrazia garaiko Batzar Nagusietako lehenengo lehendakariak izan eban bisioari esker bildu da. Orain pasetan dan moduan, garai haretan Bizkaiko Legebatzarrerako artea eskuratzeko programa jarraitua martxan jartearen aldeko apustua egin zan, eta artista hasibarriak kontuan hartu ziran, gaur egun UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz egiten dan moduan. Hitzarmen horren helburua Bizkaian trebatutako artisten harrobi gaztearen lana erakustea da.
90eko hamarkadako artea. Sasoien arteko oihartzuna erakusketeak, Bizkaiko herritarrei erakunde horrek artean eta kulturan egindako inbersinoa ezagutarazo gura deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!