Arratzuko baserrien katalogoa atondu dau Igone Etxebarriak

Bizkaie! 2021-12-23 13:17   Kulturea

Etxe bakotxaren informazino zehatza emoteaz gan, argazkiz horniduta dator liburua.

Arratzuko udalerrian dagozan baserri guztien datuak batzen ibili da Igone Etxebarria ikerlari eta Labayru Fundazinoko zuzendaria, eta herritarren aurrean aurkeztu dau emoitzea, Arratzuko baserriak izeneko katalogo zabala. Labayruk berak argitaratu dau liburua, Izena eta Izana bildumearen barruan, Arratzuko Udala laguntzaile dala.

Baserri bakotxaren ganean hainbat informazino emoten da: argazkia, izena idatzizko forman, ahozko forman, dokumentazinoan topautako datuak eta herritarrek emondako informazinoa. Hortaz, jatorri bitako iturrietatik eskuratu dau Etxebarriak informazinoa: alde batetik, artxiboetakoa (Sutegiak, Polizia errolda, Jabego Erregistroa…) eta bibliografia (liburu, aldizkari eta txostenak); eta bestetik, ahozkoa, herritarrei galdetuta eurek etxe bakotxaren ganean zer dakien.

Arratzuko baserriak Busturialdeko eredukoak dira: etartea daukie erdian eguzki begira. Bertan hainbat behar egiten izan dira: artoak garandu, txarria hil, kodainea pikau… Etarteko hagea egurrezkoa edo harrizkoa izaten da, eta batzuk arkua daukie.

Normalean behean daukiez ezkaratza, logela bat eta karrajua kortarako, askaurrea, eta kortaren ganean sabaia. Goian salea eta logelak egoten dira, eta ganean kamarea. Bizimodu batekoak zein bikoak izaten dira. Deigarria da Arratzun zenbat torretxe egon diran (hiru gaur egun), baita errotak be (gaur egun bapez, baina 14 be ezagutu izan ditue).

Etxeen izenen inguruan be bitxikeria batzuk topau ditu Igone Etxebarriak. Esaterako, denporeagaz aldatu egin dala izenak sortzeko modua: dokumentu zaharrenetan -goxeaskoa -beaskoa atzizkiak erabilten zirala ikusten da (Barroetagoxeaskoa, Uribarribeaskoa); gerora -goikoa -bekoa (Barroetagoikoa, Uribarribekoa) bihurtu izan da.

Auzuneen izenei gehigarriak jarrita sortutako izen barriak ohikoak dira: Zabala auzoan, esate baterako, Zabalerdikoa, Zabaltxu eta Zabalburu. Gaur egun nahiko ohikoa da bertan bizi diranen abizenagaz izendatzea: Esturona, Piona, Zallona, edo lanbidetik eratortea: Sakristanekoa, Dendarikoa, Errotatxu. Idatzia eta ahozkoa beti ez datoz bat: Barrenetxe>Bárrantze,  Miriategi>Miseti, Uriarte>Úxarte, Zubiate>Subita.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira Arratzun bertan egindako berbaldira herritar ugari joan ziran, Igone Etxebarriaren azalpenek eta liburuak berak interesa sortu dabelako. Udalak ale bana bialdu dau herriko etxebizitza guzti-guztietara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu