Bilboko Berreginen Museoak umeentzako antzerki-campusa atondu dau

Bizkaie! 2021-12-23 13:04   Kulturea

Umeek antzezlan txiki bat atontzen ikasiko dabe.

Bilboko Berreginen Museoak bere programazinoaren atalik garrantzitsuenetako bat aurkeztu dau: 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako antzerki-campusa, euskeraz. Campuseko saioak Tepsis Teatrok zuzenduko ditu, antzerkia erakusten urteetako eskarmentua dauen konpainia gazteak. Hitzordua abenduaren 28, 29 eta 30ean izango da, bizkaitar erakundean (San Frantzisko kalea 14), 10:00etatik 13:30era. Prezioa 9 eurokoa izango da ume bakotxeko.

Campusak iraungo dauen hiru egunetan, taldeak ikasi eta lan egingo dau, azken egunean antzeztuko dan 15 minutu inguruko antzezlan txiki bat sortzeko helburuari eutsiz. Nabarmendu behar da jarduerearen iraupena 3 egunekoa danez, ezin izango da egun solteetarako izena emon.

Izena emoteko, 94 415 02 31 telefonora deitu behar da.

Erabiltzaile bakotxak 3 inskripzino egin ahal izango ditu gehienez, holan, publiko gehiagorengana heltzeko. Edozein duda izan ezkero, Museoko beharginakaz konsultau ahal izango da hartu-emonetarako aitatu zenbaki berean eta www.bilbokoberreginenmuseoa.eus webgunean.

Bizkaitar erakundeak osasun-protokolo zorrotza aplikauko dau, persona-kopurua, tenperaturea, higienea eta distantziak kontrolauta, COVID-19aren ondoriozko gaur egungo araudia beteten dala bermatzeko.

Tepsis Teatro

Tepsis Teatro gizartea antzerkiaren bidez eraldatzeko helburuagaz sortu zan, ideologia sozial eta konprometiduari eutsiz; Tepsisek umoretik, dramatik edo tragediatik abiatuta jorratzen ditu eguneroko gizarteko arazoak. Helburu hori beteteko, antzezlanak zein obra klasikoak egokitu eta eskaintzen ditu eta sortzaile ba badira, gaurko munduaren ikuspegiak emoteko.

Taldeak ekarpentxua egiten dau, besteak beste, arrazakeriaren, genero-indarkeriaren eta homofobiaren kanpaina sozialak eginez, mundu hobe eta solidarioago baten alde. Eskolak be emoten ditue. Antzerkia erabilten dabe umeek gauzak adierazoten eta komuniketan ikasi eta euren burua hobeto ezagutu deien, enpatia izan eta dibertidu daitezan, talde baten barruan eta indibidualismoa bazterrean itxita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu