IV. Bziber lehiaketea Gabonetan egingo dabe
2021-12-23 11:03 Euskerea berbagaiTikTok sarean oinarrituta dago eta 11 eta 16 urte arteko euskaldunek hartu leikie parte.
Azkue Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzan antolatzen daben Bziber lehiaketeak aurreko hiru edizinoetan izan dauen harrera ona ikusirik, beste edizino bat egitea erabagi dabe, laugarrena. Gabonetan izango da, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era, gazteak oporretan dagozala aprobetxauta.
Izan be, 11 eta 16 urte bitarteko gazteentzako lehiaketea da Bziber. Edade horretakoen artean moda-modan dagoan TikTok sare sozialean oinarritutako jokoa da, eta euskerearen erabilerea gazteen artean sustatzea da helburua. Zehatzago, gazteei sareetan euskerazko edukiak sortzeko baliabideak emotea eta erreferente euskaldunak indartzea.
Parte hartzeko bidea erraza da eta ganera nahi daben gazte guztiek hartu leikie parte, 11 eta 16 urte bitartean baditue eta euskeraz badakie. Jatorriari jagokonez, ez dago mugarik, bizkaitarrak zein beste leku batzuetakoak ondoetorriak dira. Diasporako euskaldunen artean ekimena zabaltzeko ahalegina egingo dabela agindu dabe Bziberren bultzatzaileek.
Bziber lehiaketearen Instagram eta TikTok kontuen jarraitzaile egin beharko dira parte-hartzaileak lehenengo, eta han agertzen diran erronkak bete, ondoren. Bideoak publiko egin nahi ez dituenek modu pribaduan parte hartu ahal izango dabe.
Abenduaren 28an hasita, egunero erronka bat botako deutse Edurne Azkarate aktoreak gazteei, danetara lau erronka. Nahi daben hurrenkeran bete beharko ditue probak, urtarrilaren 3rako beranduenez. 5ean emongo dabe irabazleen barri.
Erronka bakotxean irabazle bi egongo dira, beraz, zortzi sari emongo ditue guztira. Sareei eta teknologiei lotutako TikTok Kutxa eta Bziber markako erropea dira sariak, kasu guztietan ehun euroko baliodunak.
Edurne Azkarategaz batera, gazteak animetan ibiliko dira tiktoker ezagunak eta Goazen! telesaileko aktore bi, Lorea Intxausti eta Asier Burgete.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!