2022ko Bertso Eguna udabarrian egingo dabe

Bizkaie! 2021-12-23 08:30   Bertsolaritzea

Normalean urtarrilean izaten da.

Unai Iturriaga eta Alaia Martin, 2021eko Getariako Bertso Egunean (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari eta bertsozaleen topagune maiteenetako bat da urteroko Bertso Eguna, baina 2022koaz gozetako itxaron egin beharko dogu. Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, udabarrian egingo dabe datorren urteko edizinoa, normalean urtarrilean izaten dan arren.

Pandemiak goitik behera eragin deutso bertsolaritzearen ohiko egutegiari. Nafarroako, Ipar Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelketak oraintsu amaitu dira, aurreikusitakoa baino urtebete geroago, eta, ondorioz, Txapelketa Nagusia 2022ko udagoienean egingo da, 2021ean izatea jagokon arren.

Bertso Eguna ez da salbuespena. 2021ean, bertso plazea ahal danik eta gehien zabaltzeko asmoz, hiru leku eta egunetan egitea pentsau eben: Hazparnen, Iruñean eta Getarian. Aukeratutako egunetan, baina, osasun egoerea larria zan, eta atzeratzea erabagi eben. Azkenean, Iruñekoa eta Getariakoa egin ahal izan ziran eta Hazparnekoa ez.

Ezin da jakin 2022an pandemiak ze bilakaera izango dauen, baina momentu honetan gauzak zelan dagozan ikusita, Bertsozale Alkarteak erabagi dau Bertso Eguna udabarrian izango dala. Beraz, urtarrileko hitzordu barik geratu dira zaleak, baina hile gitxi barru izango dabe saria, osasun egoereak ixten badau.

Momentuz, egun zehatzik ez dau emon Alkarteak, eta egitaraua be aurrerago jakin eragingo dabe.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu