Antxinako hizkuntzen izenen araua eguneratu dau Euskaltzaindiak
2021-12-22 13:05 KultureaJuan Sebastian Elkano nabigatzailearen izena zelan idatzi be erabagi dau.
Hizkuntza hilak eta klasikoak arautzen dituan erabagia aspaldi plazaratu eban Euskaltzaindiak (47. araua da, jatorriz 1995ekoa), baina onartutako forma batzuk gaurkotzeko beharra egon da, geroago araututako beste izen batzuetan hartutako erabakiakaz bat etorteko. Hortaz, antxinako hizkuntza batzuen euskera batuko izena pixka bat aldatu da.
Batez be, 142 eta 147. arauakaz bat etorri daiten gaurkotu dabe 47.a. Antxinako eskualdeen izenak eta antxinako urien izenak arautzen ditue, hurranez hurran. Esate baterako, lehen akadiera zana, orain akadera bihurtu da, beste arau batzuetan ezarritako Akad eta akadtar berbakaz bat etorteko.
Beste aldaketa batzuk honeek dira: hattiera (lehen hatiera); liziera (lehen likiera); eta sumerrera (lehen sumeriera).
Elkanoren euskerazko izena
Beste alde batetik, Euskaltzaindiak erabagi dau Juan Sebastian Elkano dala euskera arautuan Getariako itsasgizon ezagunaren izena. Erabagia ez dator orain kasualidade hutsez, izan be, Elkanok gidatutako espedizinoak munduari buelta osoa emon eutsanetik 500 urte beteko dira 1522an, eta Elkano Fundazinoak galderea egin eutsan Akademiari, euskeraz izena zelan idatzi behar dan, modu askotara topau leitekelako testuetan.
Fundazinoaren eskariari erantzuteko, Euskaltzaindiak, batetik, kontuan hartu dau euskerearen ondareko izena dala Elkano. Besteak beste, Gipuzkoan Elkano auzoa dago eta Nafarroan Elkano kontzejua.
Bestetik, Elkanoren izen konposatuan sarri erabilten dan eta erderaz ohikoa dan de preposizinoak ez dau euskal grafia akademikoan leku handirik, salbuespenak salbuespen, Euskaltzaindiaren arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!