Antxinako DNAk munduko zugatz genealogikorik zaharrena erakutsi dau

Bizkaie! 2021-12-23 07:55   Pil-pilean

Aukerea izan dogu sekula eregitako zugatz genealogikorik zaharrena aztertzeko.

Britainia Handian ondoen konserbautako hilobi neolitikoetako bateko antxinako DNAren analisiak erakutsi dau han lurperatutako persona gehienak familia zabal bakar baten segidako bost belaunalditakoak zirala.

Hazleton North-eko tumulu luzean (Cotswolds-Severn eskualdean) hilobiratutako 35 gizabanakoren hazur eta haginetako DNA analizau eta ikerketa-taldeak ondorioztatu dau hareetatik 27 oso hurreko ahaide biologikoak zirala. Gizatalde hori orain 5.700 urte inguru bizi izan zan —K.a. 3.700-3.600 bitartean—, Britainia Handian nekazaritzea sartu eta 100 urte inguru geroago.

Nature aldizkarian argitaratu dabe lan hau eta lehenengo aldiz jarri dau hainbesteko zehaztasunez historiaurreko familiak zelan egituratzen ziran. Arkeologoz eta genetikariz osotutako nazinoarteko taldeak adierazo dauenez, emoitzek ezagutza barriak ezagutarazo ditue Neolitoko ahaidetasunaren eta ehorzketen inguruan.

Ikerketa-taldeak —Britainia Handiko Newcastleko Unibersidadeko arkeologoz eta Euskal Herriko Unibersitadedo, Vienako Unibersidadeko eta Harvardeko Unibersidadeko genetikariz osotua—erakutsi dau hilobian lurperatutako persona gehienak gizon beragaz umeak izan zituen lau emakumeren ondorengoak zirala.

Hazleton North-eko tumuluak L-itxurako ganbera bi ditu luzera-ardatzaren iparraldean eta hegoaldean. Hil ondoren, gizabanakoak ganbera bi horreen barrruan lurperatzen zituen eta, ikerketearen arabera, gizonezkoak aita eta anaiakaz lurperatzen zituen eta horrek adierazoten dau leinu patrilineala zala, hau da, hilobian ehortzitako ondorengo belaunaldiak erabat lotuta egozala lehen belaunaldi haregaz senide gizonezkoen bidez bakarrik.

Leinuko alaba bi, umezaroan hildakoak, hilobian ehortzi bazituen be, hilobian alaba heldurik ez izateak adierazoten dau ugalketa-edadera heldu bezain laster, jatorrizko familia itxi eta hareeen gorpuak seme-alaben aitaren hilobian edo beste nonbaiten ehortzi zituela.

Hilobia erabilteko eskubidea lotura patrilinealen araberakoa zan baina gizabanakoak non ehortzi, iparraldeko edo hegoaldeko ganberan ehortzi, erabagiteko kontuan hartzen eben lehen belaunaldiko zer emakumerengandik etozan eta horrek adierazoten dau lehen belaunaldiko emakume horreek gizartean garrantzitsuak zirala komunidadean.

Ikertzaileek adierazo dabenez, badira seinaleak semeordeak leinuan semetzat hartu izan zituela esateko, hau da, gizonezko sortzailearen eta seme-alaben leinukoak ez ziranak, baina hareen ama hilobian ehortzita egoanak, seme-alabak izan baitzituan gizonezko horreetako bategaz. Horrezaz gan, ikertzaileek ez dabe ebidentziarik topau esateko beste zortzi gizabanako zugatz genealogikoko personen senide biologiko ziranik; beraz ahaidetasun biologikoa ez zana erisopide bakarra inor familiakotzat hartzeko. Halan da be, gizabanako horreetako hiru emakumezkoak zira eta leitekeana da hareen ugalketa-bikotekidea hilobian ehortzita egotea baina seme-alabarik ez izatea edota alabak izatea eta heldutasunera heldukeran beste komunidade batera joatea eta horregaitik ez egotea hilobian ehortzita.

Euskal Herriko Unibersidadeko eta Ikerbasqueko ikertzaile Iñigo Olaldek (ikerketako genetikari arduraduna eta lehen egileetako bat) adierazo dauenez: Hilobiko DNAren konserbazino bikainari esker eta antxinako DNA berreskuratzeko eta analizetako teknologia barrienak erabilteari esker aukerea izan dogu sekula eregitako zugatz genealogikorik zaharrena aztertzeko eta, hala, antxinako gizatalde horreen gizarte-egitura sakonago ulertzeko.

Proiektua nazinoarteko lankidetza bati esker egin da: Newcastleko, Yorkeko, Exeter-eko eta Central Lancashire-ko unibersidadeetako arkeologoak eta Vienako Unibersidadeko, Euskal Herriko Unibersidadeko eta Harvardeko Unibersidadeko genetikariak ibili dira lankidetzan. Cirencester-eko Corinium Museoak baimena emon eban euren bildumako aztarnetatik laginak hartzeko. Lan honek ondoko diru-laguntzak jaso ditu: Espainiako Gobernuko Zientzia eta Barrikuntza Ministerioko Ramón y Cajal beka bat (RYC2019-027909-I), Ikerbasque – Basque Foundation of Science, AEBko Osasun Institutu Nazionalak (grant GM100233), John Templeton Foundation (grant 61220), Jean-François Clin-en ekarpen pribatu bat, Allen Discovery Center programea, Allen Discovery Center programea (Paul G. Allen Familiaren Fundazinoaren Paul G. Allen Frontiers Group taldeak aholkatutako programa bat) eta Howard Hughes Medical Institutua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu