New Yorken aurten ikusi dan erakusketarik onena Bilbon dago orain

Bizkaie! 2021-12-22 09:27   Kulturea

Vulture aldizkariak saritu dau Alice Neel-en Personak lehenbizi.

Publikoa erakusketea ikusten, Bilbon (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artearen munduaren erdiguneetako bat da New Yorik uria, eta urtean zehar han ikusi diran erakusketa guztien artean onena zein dan aukeratzen dau Vulture aldizkari espezializaduak. 2021eko saria Alice Neel artistearen obran oinarritutako People Come First erakusketearentzat izan dala jakin eragin dabe Vulture-ko arduradunek.

New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-ek atondutako erakusketea da, eta hantxe ikusi zanez lehenengo, New Yorkeko urteko erakusketarik onena izateko hautagai izan da, bai eta irabazi be. Hori bai, momentu honetan Bilbon dago Alice Neelen erakusketea, Guggenheimen hain zuzen, Personak lehenbizi izenburupean.

2022ko zezeilaren 6ra arte egongo da Bilbon erakusketa saritua. Ondoren, The Fine Arts Museums of San Francisco erakundean jarriko dabee ikusgai, Kalifornian, 2022ko martian.

Personak lehenbizi artista estadubatuarraren lehenengo atzera-begirakoa da Espainian, Bilboko Guggenheimek nabarmendu dauenez. Alice Neelen ibilbide artistiko osoa batzen dau ia ehun pintura, marrazki eta akuarelaren bitartez. Tartean dagoz artistearen erretratu zirraragarrienak, gaur egun goraipatuak diranak zorroztasun psikologikoagaitik, museoko adituek dinoenez.

Alice Neel amerikarrak bere egongelan sortzen eban artea, eta zahartzarora arte ez eban adituen eta publikoaren oneretxerik izan, Vulture aldizkariaren arabera, bere sasoiko ikuspegiaren aurretik joialako. Errekonozimendu falteagaitik, bizimodu gogorra izan eban, burruka latzak izan zituan aurrera egin ahal izateko. Umeetako bat hil jakon, senarrak gitxietsi egiten eban eta nerbio-arazoak izatera heldu zan Neel.

1970eko hamarkadearen bueltan, artearen munduak Alice Neelen obrea ezagutu ebanean, XX. mendeko artistarik barritzaileenetako eta ausartenetako bat zala ikusi zan, eta harrezkero errekonozimendu zabala dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu