'Alice Neel: personak lehenbizi' aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Museoak

Bizkaie! 2021-09-16 12:08   Kulturea

Gizakiaren duintasuna eta betiereko garrantzia aldarrikatzen saiatu naz.

Irailaren 16an, Guggenheim Bilbao Museoak Alice Neel: personak lehenbizi erakusketa aurkeztu dau, espainiar estaduan Alice Neel (Pensilvania, 1900–New York, 1984) artista estadubatuarrari eskainitako lehenengo atzera begirakoa, Iberdrolaren babesari esker egin be.

Erakusketeak Neelen ibilbide artistiko osoa jasoten dau, ia ehun pintura, marrazki eta akuarelaren bitartez, baita haren erretratu ederrenak be, gaur egun artistearen zorroztasun psikologikoagaitik goraipatuak.

New Yorkeko Met Museum-en publikoaren upealako erantzuna izan ondoren, geurean izango dogu Alice Neel: personak lehenbizi. Erakusketea gaur zabaldu eta 2022ko zezeilaren 6ra arte egongo da Bilbon

Gizakiaren duintasuna eta betiereko garrantzia aldarrikatzen saiatu naz, Alice Neel: Mike Gold, Daily Worker, 1950

Alice Neel (1900–1984) XX. mendeko artista erradikalenetako bat da. Justizia sozialaren, humanismoaren eta personen duintasunaren defendatzaile sutsua, arimen bildumagile lez ikusten eban bere burua. Haren obrek sasoi bateko espiritua islatzen dabe, New Yorken barrunbeak eta sexismoaren, arrazismoaren eta kapitalismoaren ondorioz injustizia sufridu izan dabenakan jarten dabe arreta. Haren izakera demokratikoa eta integratzailea zabalduz, Neelek jatorri eta maila sozial desbardinetako personak pintau zituan.

New York izan zan artistearen musa nagusia, Neel bera partaide eban giza drama baten agertokia, 1930eko hamarkadearen hasieratik bere lanetan jasoa. XX. mendeko kazoera nahasiak, besteak beste, Depresino Handia, gerrak, komunismoaren goraldia, mobimentu feminista eta eskubide zibilen aldeko mobimentua, oso modu anitzetan agiri dira haren obran. Neelek begirada zorrotz eta enpatiko beragaz heltzen eutsen artearen genero desbardinei, erretratu, uriko paisaje zein natura hil. Izaki bizidun nahiz bizibakoen arimea jasoten eban artisteak, baina geure arimea be harrapatzen dau aurrez aurre ditugunean haren obra eta bizitzea, itzulinguru barik dudan jarten ebalako ezarria egoan guztia, modu gordinean, zorroztasunez eta naturaltasunez.

The Metropolitan Museum of Art-ek atondutako erakusketea Guggenheim Bilbao Museoagaz eta The Fine Arts Museums of San Francisco-gaz lankidetzan dator.

Bilboko aurkezpenean izan dira: Lucía Agirre, komisarioa; Rafael Orbegozo, Iberdrolaren Presidentetza Aholkularia; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu