Juncal Ballestinen obrea Gasteizko Artium Museoak gordeko dau

Bizkaie! 2021-12-21 10:15   Kulturea

Ehundazak agiri eta 40 artelan inguruko bildumea da. 

Gasteizen bertan sinatu dabe hitzarmena (argazkia: Anesvad) | Ikusi handiago | Argazki originala

Juncal Ballestin artista arabarraren bilduma zabal bat dohaintzan jaso dau Gasteizko Artium Museoak, Anesvad Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz egindako akordioari esker. Izan be, hil zanean, Ballestinek Anesvadi emon eutsan bere ondarea, eta alkartearen jabetzakoa izan da harrezkero. Kontua da ze, Artiumen hobeto gordeta eta jagonda egongo dirala pieza horreek guztiak, eta publikoari erakusteko bidea be zabalduko da.

Anesvadek Artiumi egindako dohaintzan, artelanak zein dokumentazinoa dagoz. Lehenengo moltsoan, Juncal Ballestinen ibilbide artistiko osoaren adierazgarri diran 40 pieza inguru dagoz. Dokumentazinoaren atalean, 300 bat agiri jaso ditu museoak.

Akordioak dinoanez, dohaintzearen truke, Artiumek obra guztien konserbazinoaren ardurea hartuko dau eta agiriak batzeko funts dokumentala sortu. Era berean, argitalpen bat atonduko dau Artiumek. Azkenik, Juncal Ballestinen izena daroan bekea martxa ipinteko konpromisoa dakar hitzarmenak, artearen teoria feministak lantzera bideratua.

Juncal Ballestin (Gasteiz, 1953-2015) marrazkigile ezagunen estudioetan zein Bilboko Arte Eskolan hasi zan bere obreari formea emoten. Otazu herrian ipini eban estudioa, eta erakusketa ugari egin zituan Bilboko eta Gasteizko galerietan, 1970eko hamarkadatik. Erakusketa kolektibo batzuetan be parte hartu eban, eta horri esker nazinoartean ikusi ziran haren lanak. 1990eko hamarkadatik aurrera, bakarkakao erakusketa ugari be egin zituan. 

Grabadua, pinturea eta marrazkigintzea ziran, batez be, Juncal Ballestinen arloak, baina beste formatu batzuetara be salto egin eban gero. Sorkuntza artistikoagaz buztartu eban Arte Eder Fakultadeko irakasle lana. Artium Museoak Juncal Ballestin: bizitza ariketa gisa erakusketea eskaini deutso aurten bertan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu