Bilbo III. Kulturarteko Uria aurkeztu dabe
2021-12-20 10:21 KultureaDanetara, 83 ekintza eta parte-hartzea indartzeko tresnakaz.
Parte-hartze bidezko prozesu baten emoitzea da eta esku hartzeko 10 eremu orokorretan eta 6 eremu sektorialetan banatzen da. Tresna horreek sailarteko jarduera-esparru bat ahalbidetuko dau, udal sailak eta udalerriko gizarte-eragileak batu eta koordinauko dituana.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eretxiz, tresna honen bidez, Udalaren datozen urteetarako ibilbide-orria finkatzen gabiz, jatorri, kultura, hizkuntza eta erlijino-aniztasuna modu sistematikoan eta malguan kudeatzeko eta, holan, beharrezko aldaketetara egokitzeko. Bilboko Udala beti jabetu da uriaren aldaketa soziodemografikoez eta horreek zentzuz eta sormenez kudeatzeko beharraz, gizarte-kohesinoa indartzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko, bere nortasuna galdu barik. Holan ziurtatu dau Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziagaz batera, Bilbo, Kulturarteko Uria» Planaren aurkezpenean (2021-2023 aldirako da plan hori). Plan barria jentaurrean ezagutzera emoteko ekitaldia gaur goizean izan da, Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan, eta, besteak beste, talde politikoen eta Bilboko Udalaren Immigrazino Kontseiluaren ordezkariak izan dira bertan. Gainera, Etorkizuna Musikatan ekimenaren saioa izan dabe (Norai alkarte bilbotarrak jorratzen dau), musikearen bidez gizarteratzea eta kulturartekotasuna sustatzeko:
Planak garatzeko proponiduten dituan 83 jardueren artean, nabarmentzekoa da 12 ekintza estrategikotzat hartu dirala:
III. Bilbo Kulturarteko Uria Plana sustatu eta jorratzea, Jarraipen Batzorde Politikoaren eta Sailarteko Batzorde Teknikoaren bitartez.
Bilboko Udalaren Immigrazino Kontseilua indartzea eta tokiko eremu eta jardueretan parte hartzea sustatzea.
Udal langileentzako kulturarteko prestakuntza-plana.
Kulturarteko Uien Estaduko Sarean eta Europako Kontseiluaren Kulturarteko Cities Sarean parte hartzea.
Bilbo Kulturarteko Uria komunikazino-estrategia.
Baliabide eleaniztunen online gidea.
Familia-erreferenterik bako gazteakaz esku hartzea.
Emakumea, Osasuna eta Indarkeria programea.
Gizarte-sensibilizazinorako Zurrumurruen Kontrako Estrategia.
Nazinoartean onartutako egunak gogoratzeko hainbat ekintza.
Eskola eremuan kulturarteko sensibilizazinoa lantzeko programea.
Auzoak Abian esku-hartze komunitarioko proiektua, Errekalden.
Aurkezpenean, alkateak nabarmendu dau Planak gobernantza-sistema barria dakarrela, Bizkaiko uriburua gero eta uri anitzagoa da: 347.000 persona inguru dagoz eta horreetatik, % 10 (34.878 persona) atzerrikoa da eta Estaduan nazionalizautakoak kontuan hartuta, atzerriko jatorriko lagunak udalerriko herritarren % 14,6 dira (50.791 persona).
Horren jakitun izanik, Bilboko Udalak hainbat plan landu ditu, jatorri, kultura, hizkuntza eta erlijino-aniztasun hori kudeatzeko. 2011n, Aniztasuna Kudeatzeko Bi-Open I. Udal Plana onartu eben eta 2017. urtean, Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Plana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!