Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko berbea aukeratu dabe: 'aldaera'
2021-12-17 11:05 Euskerea berbagaiEuskerazko albisteen jarraipenean oinarrituta hautatu dabe.
Euskerarako, aldaera ez da berba barria. Euskaltzaindiaren hiztegi arauemoilean jasota dago lehendik be baina azken hileotan ohiz kanpoko erabilerea izan dau pandemiaren harira, izan be, aurten be COVID-19a izan da albiste nagusienetakoa, besteak beste, birusaren aldaera barriek pandemiaren beraren bilakaeran daben garrantzia dala eta.
Letra grekoak, ez leku-izenak
Dagoeneko, COVID-19a eragiten dauen SARS-CoV-2 birusaren aldaera ugari identifikau ditue zientzialariek mundu osoan zehar. Gaixotasun edo patogeno barrien izenetan erreferentzia geografikorik ez erabiltea gomendatzen dau Osasunaren Mundu Erakundeak eta, horregaitik, COVID-19aren birusaren kasuan be, aldaerak ez dira izentetan lehen aldiz identifikautako herrialdearen edo lekuaren arabera; holako izenak teknikoak ez diran testuinguruetan erabilten dira baina herrialde edo leku horreetako personak ez marketako alfabeto grekoko letrakaz izentetea erabagi dau OMEk. Holan, Erresuma Batuan agertutako aldaereari alfa aldaerea deitzen jako, igaz Hegoafrikan identifikautakoari beta aldaerea, Brasilgoari gamma aldaerea, Indiakoari delta aldaerea, Perukoari lambda aldaerea, Kolonbiakoari mu aldaerea eta aurtengo zemendian Herbehereetan eta Hegoafrikan antzemondakoari, barriz, omikron aldaerea.
Urte osoan zehar izan ditugu ahotan, beraz, SARS-CoV-2 birusaren aldaerak. Apirilean, OMEk eskatu eban Erresuma Batuko aldaerea edo aldaera britainiarra moduko izentapenak ez erabiltea. Bagilean, barriz, delta aldaerea zabaltzen hasi zanez, txertatze-prozesua azkartzeko beharra azpimarratu eben osasun-agintariek. Irailean albiste izan zan Kolonbian detektau barria zan mu aldaerea. Zemendian jakin genduanez, omikron aldaerea Europan egoan, Hegoafrikan lehenengo kasuak agertu aurretik.
Edozelan be, alfabeto grekoa gogoan dauen edonor jaubetuko dan bezela, OMEk mu aldaeratik omikron aldaerara egin dau salto, nu eta xi letrak erabili barik. Esan dabenez, berariaz baztertu ditue letra horreek, ingelesezko new (‘berri’) berbeagaz nahastuteko aukerea egoalako nu grekoa eta, xi, barriz, Asian arrunta dan abizena be badalako. Eta, jakina, letra horreek ez erabilteko erabagia be berbagai izan da aurten.
Lehen aldiz, urteko berbea alkarregaz
Lehen aldia da Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko berbea alkarregaz hautatzen dabela. Euskerazko lexikoaren jarraipena egiten dau egunez egun Akademiaren erakunde atxikia dan UZEIk. Horretarako, komunikabideak arakatzen ditu, lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa jagokolako hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako. Eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu dabe Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko berbea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!