Moises Enbeita: 'Talderik ezean, ez dago txapelketea aurrera ateratzerik'
2021-12-17 11:08 BarriketanBizkaiko irabazleari txapela jantziko deutso.
Zapatuan, hilak 18, jokatuko da 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilbon. Protagonista nagusiak zortzi finalistak izango dira, baina saioaren azken partean, sariak banatzeko orduan, beste persona bi be nabarmenduko dira: Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra eta Moises Enbeita Ealo muxikarra. Irabazleari txapela jazteaz arduratuko dira.
Bizkaiko Bertsozale Alkartean eta txapelketen antolakuntzan urte asko daroezelako egingo deutse omenaldia Etxebarriari eta Enbeitari, lan isilean dabizan guztien ordezkari eta talde lanaren garrantzia azpimarratu guran. Finalaren bezperan, Moises Enbeitagaz egin dogu berba, eta kontau deusku oholtzan kantuan urduri jarten dala, eta isilpeko lanean gusturago dabilela. Enbeita abizenak pisua dau, baina Ealo be banaz, bota dau bizkor; ama be inportantea da.
1.- Ezustean harrapau zaitu irabazleari txapela jazteko eskariak?
Bai, lehenengo eta behin sorpresa handia hartu neban, eta bigarren, ezetza emon neutsen. Baina proposamena egiten etorri jatezanak ondo preparauta etorri ziran, ondo azaldu eusten talde osoari egingo jakola omenaldia eta nigaz batera Joseba egongo dala txapela jazten. Neure buruari ez deutsat ikusten meriturik, baina, beste parte batetik, Alkarteak edo baten batek ikusten badau zeozer ondo egin dogula, ba ohore bat be bada.
Lehen, goikoek ipinten zituen txapelak, gero erabagi zan bertsolaritzeagaz zerikusia dauen batek ipini behar ebala, eta badagoz ohore hori merezidu daben asko. Horregaitik, talde lana saritzearen gauza hori sorpresea izan da, baina egingo dogu.
2.- Taldean egindako lana nabarmentzea da asmoa, eta horretan, behinik behin, luzaroan ibili zara zu. Bertsolaritzeak behar dau talde lana?
Ezinbestekoa dau. Antolatzaile, epaile, gai jartzaile, teknikari... Dana egiten da taldean, talderik ezean ez dago halako txapelketa aurrera ateratzetik. Ganera, talde barruan dabizanak alkarregaz ondo konpondu behar dira. Bestetik, taldeak behar dau zuzendari bat, eta horretan esango neuke Bizkaiko Bertsozale Alkarteak jakin izan dauela eragile onak topetan. Bat izan ezik, zuzendari ibili diran beste guztiak emakumeak izan dira, eta danek jakin dabe ondo agintzen eta momentuan zer egin behar dan. Taldeak ondo gidatu ditue.
3.- Lan nekeza da batzuetan zuena, fokuetatik aparteko ahalegina. Hainbeste urtean eusteko zein da zure sekretua?
Ilusinoa, gogoa, maitasuna, eta gustau egin behar jatzu. Niri gitxien gustetan jatana oholtza ganean agertzea zan. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian be parte hartuta nago ni, baina horretarako ez dot balio. Punta-puntako bertsolaria izan barik, baina ibilten nintzan bertsotan, baina oholtzan agertzea gustau ez. Ganera, berandu hasi nintzan, lehenengo bertsoa ia 30 urtegaz bota neban jentaurrean. Eta egin kontu ze familiatakoa nazen!
Bertso mundua beti-beti gustau izan jat. Ia konturatu barik sartu nintzan, eta Bizkaiko Txapelketan bederatzigarren egin nebanez, Euskal Herrikora pasau nintzan 1986an. Orduan pentsau neban, hemen ezin dot jarraitu, oholtza ganean urduri jarten nintzalako. Zuzendaritzan sartu ninduen Alkartekoek, eta halantxe egin dodaz urteak eta urteak.
4.- Bertsolaritzeak urteotan izan dituan aldaketa sakonak barru-barrutik ikusi dozuz. Zertan egin da aurrera?
Gaztetasuna dago orain, eta emakumeen ekarpena oso-oso inportantea izan da. Bertso eskolak hazten be ikusi doguz, eta Alkartea irakaskuntzan eragiten hasi da. Horri esker, behe-behetik hasten dira bertsotan. Bestetik, nabarmentzekoa begitantzen jat gaur egungo bertsolarien artean dagoan hartu-emon estua, alkar ondo hartzen dabe. Gure sasoian, bertsolari bakotxa bere munduan bizi zan apur bat, kantau behar zan lekuan batzen ginan, txapelketan edo behar zan lekuan, baina bestela alkarregandik nahiko aparte ibilten ginan. Gaur egungoak ia-ia alkarregaz bizi dirala esan leiteke. Oso inportantea da hori.
5.- Bertsolari gazte asko dabiz, baina oholtzatik kanpo laguntzen dabe beste askok be, belaunaldi barriak inplikauta dagoz. Beste arlo batzuetan ez da holakorik pasetan.
Bai, eta inportantea da hori. Batzuk gara beti-betikoak, baina txapelketak antolatu behar diranean, saiorik saio, udabarrian hasita eta kanporaketa guztiak, hor jente asko behar da. Sei-zazpi beteranok ezin dogu dana egin. Alkarteak mezua zabaltzen dau, saio bakotxerako laguntzaileak behar dituala, eta inguruko jentea etorten da, bertso eskoletatik edo eskualdean dagozan alkarteetatik. Batzuk ordubeterako etorriko dira, beste batzuk luzeago, baina beti behar dozu talde zabal bat prest. Eta hor gazteak badabiz.
6.- Jentaurrean bertsotan heldua zinala hasi zinan, baina, hori baino lehen, zaletasuna zelan biztu jatzun?
Hamahiru urtegaz Arantzazura joan nintzan, fraile izateko, gero ez nintzan izan, zorionez esango neuke. Horren kontura, beranduago sartu nintzan bertsotan, familia bertsozalekoa izan arren. Esate baterako, nire anaia Jonek txiki-txikitatik bizi eban bertsolaritzea, gero Bizkaiko Txapelketea irabazi eban. Gerriko Bertso Eskolea sortu eban gure aitak eta beti bertso kontuak erabilten genduzan, eta azkenean beti geratzen jatzu hor. Baina, berez, helduago nintzala hasi nintzan bertsoen munduan ondo sartzen. Mendatako Lamikizen bertso eskola moduko bat sortu zan, eta han hasi nintzan. Afariaren truke bertso batzuk botetan genduzan, baina ordurako hogei urte baino gehiago neukazan. Zaletasuna beti, baina kantuan hasi, geroago.
Zera kontauko deutsut: nire lehenengo bertsoa, bat-batean, neure soltero-despedidan bota neban, eta ordurako baneukazan 28 bat urte. Ondoren hasi nintzan inguruko txapelketetan parte hartzen, Mallabian izan zan lehenengoa eta finalera heldu nintzan. Orain, Bizkaiko Txapelketako finalean 20 urteko gazteak daukaguz kantuan, eta txapelketetan hasten dira 16 urte ingurugaz. Ni, ostera, Osinalde sariketan izan nintzan behin, 30 urtegaz, eta gaztetzat aurkeztu ninduen!
7.- Onintza Enbeita lobea dozu, zapatuan finaleko oholtzan beragaz egotea pozgarria da?
Semea be bertsolaria dot, hori ez dot ahaztu nahi, Busturialdeko eskualdeko txapeldun bi bidar izan da. Baina zapatukoa berezia izango da, bai. Brometan esaten deutsat Onintzari ez deutsadala txapelik jarriko. Izatez kontrakoa da, gustura ipiniko neuskio txapela, ganera aurten ia sorpresaz heldu da finalera, finalaurrekoak zelakoak izan diran ikusita. Horra gazteek dakarren indarraren beste adibide bat, aurreko edizinoko txapelduna sorpresaz heldu izana finalera. Dana dala, Onintzari zein beste bateri, txapela harro jantziko deutsat.
8.- Pronostikoak egitea gatxa da. Zuk zelakoa aurreikusten dozu zapatuko saioa?
Nik uste dot final jator-jator bat entzungo dogula, bakotxak orain arte erakutsi dauenari eusten badeutso, eta seguru nago holan izango dana. Uste dot harro sentiduteko final bat izango dala, antolatzaileentzat zein zaleentzat, ze zaleak dira inportanteena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!