Sortzaile, ikusle eta eragileak batuta, kulturearen plazea zabalduko dau Loraldiak
2021-12-17 08:53 Kulturea2024ra arteko aurreikuspenen barri emon dabe festibalaren arduradunek.
2022ko udabarrian egingo da, ondo bidean, 8. Loraldia, Bilbo euskal kultura garaikidearen erdigune bihurtzen dauen egitarau zabala. Hurrengo hitzordu hori gogoan, eta 2024ra arteko bidearen inguruko zehaztapenak emoteko asmoz, agerraldia egin dabe Loraldia Alkarteko kideek Itsasmuseumen. Kontuan izan behar da 2024an hamar urte beteko dituala festibalak, beraz, pauso sendoz heldu gura dabe ospakizun horretara.
Itsasmuseumeko ekitaldian, Loraldiaren arduradunez gan, erakundeak, babesleak, enpresak eta kulturgileak egon dira, eta kulturzaleak be bai. Lorazainak, euren ekarpenaren bidez Loraldiari eusten laguntzen daben zaleak, izan dira saioko protagonistetako batzuk. Inun abeslariak Txinba disko barria aurkezteko be aprobetxau dau hitzordua.
Loraldia gara. Zerumuga begietan izeneko ekitaldi horretan aurkeztu ditue hurrengo urteotarako egitasmo estrategiko nagusiak. Proiektu ilusionagarri barriak sortzen, imajinetan eta abian jarten jarraitu nahi dabela dinoe, euskal sorkuntzea erdigunean ipiniz sortzaileak, ikusleak eta beste kultur eragileak batuko dituen egitasmoak sortuz aurrerapausoa egin. Geroari begiratzeko modu barri bat izango dala aitatu dabe.
Egitasmorik ezagunena Loraldia Festibala da, martian udabarriari ondoetorria egiten deutsan ekitaldia. Urtero lez, euskal kulturea lau haizetara aldarrikatuko dabela aurreratu dabe, baina festibalaz aparteko egitasmoak sortu ditu Loraldiak azken urteotan, eta bide horri eutsiko deutso aurrerantzean be.
Bilbotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura eroan nahi dabe Loraldia, kultura garaikideagaz lotutako esperientzia Euskal Herriko hainbat bazterretan biziteko aukerea emonez. Eskoletan euskal kulturearen transmisinoa lantzea be loraldiaren estrategiaren barruan dago.
Gazteakaz lan egiteko sormen-lantegia da 2024ra arteko beste asmoetako bat. Gaurko erreferenteak ezagutzeko aukerea eskaintzea, sormena sustatzea eta euren bidea egiteko sormengunea atontzea izango dira ardatzak, etorkizunean erreferente izango diranei plazea emotea.
Honenbestez, 2014an sei kulturzaleren ekimenez sortutako festibala erreferente bihurtu da. Hasieratik gizartean jasotako erantzunak, bai sortzaile, bai industria eta bai publikoaren aldetik, hauspoa emon deutse festibalari bide barriak topetako. Horri esker, ikuskizunen produkzinoan, transmisinoan eta digitalizazinoan sakondu ahal izan dau Loraldiak.
Euskeraz sortzen diran kultur adierazpen anitzek lekua izan dabe Loraldian. Are gehiago, Loraldia eragile dinamizatzaile bihurtu da eta sortzaileak zirikatu ditu lurralde barriak ikertzeko, inoiz uste izango ez leukiezan disziplinak lantzeko eta euren sormena Bilboko erdigunera ekarteko.
Loraldiaren inguruan eratu dan komunidadea be nabarmendu dabe Itsasmuseumeko ekitaldian, batez be lorazainena. Gaur egun, 1.800 norbanako inguru dira lorazain, 2014an sortutako amesari arnasea emoten. Erakunde publikoen babesa be ezinbestekotzat jo dabe.
Hortaz, badagoz oinarriak Loraldiak hurrengo urteotan aurrera egin deian. Orain, 2021-2024 plangintzak dakarrena egia bihurtzeari ekingo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!