Bonifacio Echegaray: euskal historia, foruak eta euskerea ardatz

Bizkaie! 2021-12-16 13:37   Kulturea

Aurten, 65 urte beteko dira Bonifacio Echegaray euskal legelari, historialari, euskaltzale eta idazlea hil zala.

Hori dala eta, Euskaltzaindiak, Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Sabino Arana Fundazinoak mintegi bat egin dabe alkarlanean, euskal herritar esanguratsu horren biziteari lotutako hainbat alderdi jorratzeko, hain zuzen be, hareetan islatzen diralako XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen hereneko euskal kultureak, historiak eta zuzenbideak ondutako lorpenak eta amesak.

Mintegian, Seve Calleja irakasleak Echegaray idazlearen profila aletu dau eta horretarako, oraintsu berrargitaratutako Poemak eta ipuinak izeneko liburua hartu dau ardatz. Callejak gogoratu dau Etchegarayk Euskal-Erria, Euskalzale, La Basconia, edo El Noticiero Bilbaino-n idatzi zituala bere lehen poema eta ipuinak (aurrerago, El Colegial aldizkarian atera zituan). Badakigu 15 urtegaz jaso ebala lehen saria Echegaray-k, hain zuzen be, Donostiako Euskal Jaietan, Beti, beti euskaldun poemeari esker. Callejak nabarmendu dau haren idatzietan euskal bizitza tradizionala deskribiduten ebala, gehienetan modu koloretsuan: marinelen egunerokoa, baserritarrena...

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako buruak, barriz, Echegaray legelariaren barri emon dau. Urrutiaren ustez, Echegaray da, akaso, bere belaunaldiko legelaririk bikainena, bai, behintzat, euskal Zuzenbidearen hurreraketa ez abertzalea kontuan hartzen badogu eta, horregaz batera, historiari lotutako euskal kultur juridikoaren defentsan eginikoa.. Eta hain zuzen historia horretan bertan oinarritzen da Bonifacio garaian garaiko gizartearen beharrei jaramon egiteko.

Ondoren, legelari bezela Etchegaray-k eginiko lana aletu dau euskaltzainburuak, harek jorratu zituan kontzeptu juridikoen nondik norakoak azalduz eta ikerketarako erabilten eban metodologia ezagutarazoz. Gainera, euskal Zuzenbide pribatua zelan ikusten eban aztertu dau, horretarako erabilten eban corpusagaz batera.

Azkenik, Bonifacioren birloba Lázaro Echegaray Gizarte Zientzietako doktoreak euskaldun ikasiaren bizipenak kontau ditu: Bonifacioren anaia Carmelok eragin handia izan eban haren bizitzan eta Carmeloren lagun intelektualen ondoan egoteak etorkizuneko gogo eta zaletasunak piztu eutsozan: Zuzenbidea amaitu ostean, fikzinozko idatziak itxi eta foru eta ohiturazko legeetan oinarritutako idatziak ondu zituan batez be, ikuspuntu juridikotik betibe. Holan, lan metodo sendoa erabili eban, giza zientziak oinarri hartuta, historia, zuzenbidea eta toponimia buztartuz. Arlo horreek guztia aztertzeko giza antropologia erabili eban, euskal herriaren aspaldiko antolakuntza moduei erreparauta, adierazo dau Lázaro Echegarayk. Bonifaciok euskal gizarteari bere osotasunean begiratzen eutsola azpimarratu dau bere birlobeak eta, jakina, gizarte bat badago, arauak eta baloreak ezartzeko borondatea be bai. Esangura horretan, zuzenbideak ezinbesteko garrantzia dau herrien bilakaera kulturalean: Hori baekian legelariak, bere egitekoak hiru ardatzetan oinarrituz: euskal historia, foruak eta euskerea, esan du akaberan Lázarok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu