'Adostasun historikoa' hezkuntzan euskerea orokortzearen alde

Bizkaie! 2021-12-16 13:19   Euskerea berbagai

Ikastetxe, sindikatu eta gurasoen alkarte ugarik egin dabe bat.

Agiria sinatu daben eragileetako ordezkariak, Gasteizen (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizen egindako agerraldian, hezkuntzeagaz eta euskalgintzeagaz lotutako eragile ugarik Euskeraz hezi, bardintasunean hazi izeneko adierazpena aurkeztu dabe, euskerazko irakaskuntzearen aldeko adostasun zabala batzen dauen agiria. Bultzatzaile nagusietako bat izan dan Kontseiluak adierazo dauenez, adostasun historikoa da.

Euskal Herriko ikastetxe kontzertadu ugari batzen ditue agiria sinatu daben erakundeek, hau da, Ikastolen Alkarteak eta Kristau Eskolak. Beharginen ordezkariei jagokenez, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek egin dabe bat; hezkuntzearen sektorean gehiengo zabala dabe hiruren artean. Gurasoen alkarteak be badagoz, adibidez, EHIGE. Azkenik, beste eragile batzuen artean aitatzekoak dira Hik Hasi eta EHIZE.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, inflexino puntua izango da adierazpena. Hezkuntza hitzarmenaren inguruko eztabaidan, euskerazko ereduaren aldekoa da adostasunik zabalena lortu dauen gaia.

Gogoan izan behar da Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabagi ebala Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemearen oinarriak ezarteko prozedurea hastea. Ondorioz, Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin eutsan.

Gasteizen aurkeztutako adierazpenean, prozesu horretan ezinbestekotzat jo dituen ekarpenak batzea izan da asmoa, euskereari jagokonez. Euskerazko eredua orokortzearen alde agertu dira adierazpenaren sinatzaileak, izan be, hizkuntza gitxituen etorkizuna bermatzeko hezkuntza arautuan eragitea ezinbestekoa dala uste dabe. 

Azken hamarkadetan hezkuntzeak euskerearen normalizazinoari egin deutsan ekarpena gogoan hartzen dau adierazpenak, baina bide horretan sakontzeko beharra ahaztu barik. Ezagutzearen unibersalizazinotik urrun gagoz, dino testuak. Gaur-gaurkoz ikasle askori ez jako euskerazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen.

Euskerearen beraren etorkizunari ez eze, gizarte-kohesinoari zein aukera-bardintasunari on egingo deutse hezkuntzan euskerearen irakaskuntzea orokortzeko neurriek, sinatzaileen arabera. Sarri, jatorria edo eremu sozioekonomikoa oztopoa izaten dira euskerea ondo ikasteko, eta hutsune horri aurre egiteko eredurik egokiena euskerazkoa dala dinoe, urteotako jardunak erakutsi dauenez. Argi dogu orain dala ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora salto egiteko momentua.

Agiriaren amaieran, eskari zehatza egin dabe sinatzaileek: Hezkuntza-hitzarmenean berariaz jaso daitela hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskera gaitasun egokia bermatuko deutsen eredu orokortua ezarriko dala

Irakurri agiri osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu