Zabalik da 2022ko Villasound Bilbao sariketan parte hartzeko epea

Bizkaie! 2021-12-16 10:28   Musikea

Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeek emon leikie izena.

Nize taldea, 2021eko Villasound jaialdiko kontzertuetan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikari gazteei bultzadea emoteko asmoz, 2022an Bilboko Udalak barriro antolatuko dau Villasound Bilbao sariketea. Bigarren edizinoa izango da. Bakarlariek zein bandek hartu leikie parte, eta 2022ko urtarrilaren 31ra bitartean dabe izena emoteko astia. 

Musikari gazteentzako lehiaketea danez, bakarlariek zein taldeetako kideek 16 eta 30 urte bitartean izan beharko ditue. Hego Euskal Herrikoek hartu leikie parte (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa). Estiloari jagokonez, antolatzaileek ez dabe muga askorik jarri, gaur egungo jokera guztiek izango dabe lekua (folk, pop, rock, metal, trap, elektronika, kantautoreak...).

Lehenengo edizinoko formatuari eutsiko deutsenez, sariketeak hiru fase izango ditu:

1. fasean, izena emon daben talde eta bakarlari guztien proposamenak aztertuko ditu epaimahaiak, eta hamabi onenak aukeratu. Gehienbat, erespide musikalak erabiliko ditue, baina emakumeen presentzia edo kantuetan euskereari lekua egitea be kontuan izanda. Iker Bárbara, Lorea Argarate, Bikendi Cadelo, M. Jose Aranguren eta Jon Hervas dagoz epaimahaian, danak be bertoko musika jokeretan adituak. 

Aukeratutako hamabi taldeek Bilborocken joko dabe zuzenean, martian eta apirilean egingo diran lau kontzertutan (saio bakotxean hiru talde edo bakarlarik igongo dabe oholtzara). Publikoa be joan ahal izango da kontzertuotara, doban.

2. fasea, VSB Mentoring dalakoa, etorriko da gero. Kontzertuetan joko daben hamabi taldeetatik erdiak pasauko dira, sei. Maiatzetik irailera bitartean, talde edo bakarlari bakotxaren beharretara egokitutako prestakuntza-programak egongo dira, profesionalek lagunduta. 

Alderdi ugaritatik finduko ditue sei parte-hartzaileen ezaugarriak, berbarako, sare sozialetako komunikazinoan, produkzino teknikoan, sustapenean... Jakina, alde artistikoa be landuko dabe, zuzeneko kontzertuak eta kantuak sortzeko prozesua hobetzeko.

Azkenik, 3. fasea dago, baina talde bakarra helduko da horraino. Prestakuntza-programan ibili diran sei talde edo bakarlarietatik bat aukeratuko dau epaimahaiak, Villasound 2022 edizinoko onena. Espainiako lau uritan kontzertuak joko ditu urteko azken hiruhilekoan, VSB Tour 2022 izeneko biran.

Lehenengo edizinoari jagokonez, Suave banda bizkaitarra dabil VSB Tour birako lau kontzertuak joten hileon. Madrilen ekin eutsan, abenduaren 2an, 3an Bartzelonan jo eban eta hilaren 17an eta 18an ditu hurrengo emonaldi biak, Donostian eta Valentzian.

106 banda eta bakarlarik emon eben izena lehenengo edizinoan, eta lehenengo fasean aukeratutako hamabi talde eta bakarlarien artean erdiek euskeraz kantetan eben. Ingelesak eta gaztelaniak be leku nabarmena izan eben Bilborockeko lau kontzertuetan. Edukierea ia osorik bete zan lau hitzorduotan. Musikarien batez besteko edadea 24,5 urte izan zan.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu