Umetxuentzako 'Kulunkaz' tailerrak dakarz Aiko Taldeak Gabonetan

Bizkaie! 2021-12-16 08:15   Kulturea

Tailer, erromeria eta berbaldi birtualak be egingo ditue abenduaren amaieran.

Urtea jantzan eta kantuan amaitu nahi dau Aiko Taldeak, eta horretarako Gabonak Jantzan izeneko programea atondu dau, ekitaldi presentzialak eta birtualak buztartzen dituan egitaraua. Kulunkaz izeneko tailerrak dira aitagarrienak, ume txikiak eta hareen familiak batuko dituelako Bilboko Campos Antzokian, abenduaren 27an.

Amaia Elosegi jantzari eta pedagogo musikalak gidatuko dituan saiootan, jantzearen bidez landuko ditue oinarrizko estimulu eta jokabide batzuk, modu dibertigarri eta sortzailean. Aikoko Sabin Bikandi eta Patxi Laborda jantzarien laguntzinoa izango dau Elosegik Kulunkaz tailerretan. 

Ordubeteko tailer bi izango dira: lehena, 0 eta 2 urte bitarteko umeentzat da, eta hareen guraso, senide edo jagoleek aterako deutse probetxurik handiena, Aikok aurreikusi dauenez. Umeagaz joan leitekez parte-hartzaileak, baina baita panpina bategaz be. Musikeagaz eta jantzeagaz lehenengo kontaktuak landuko dira, umea besoetan, motxilan edo antzekoetan dagoanerako.

Bigarren tailerra 3 eta 6 urte bitarteko umeentzat pentsauta dago. Jantzearen bidez komuniketan ikastea helburu, umeei laguntzen joan beharko dira helduak, eta danen artean egingo ditue olgeta eta jarduera ludikoak. 

Plazak mugatuak dirala ohartarazo dau Aiko Taldeak, eta beraz izena emoteko eskatu deutse interesdunei, bulegoa@aikotaldea.eus helbidera idatzita edo 634 423 539 zenbakira deituta. Heldu bakotxak 10 euro pagau beharko ditu. Azalpen bideoa hemen.

Online ekintzak

Kulunkaz tailerrak aurrez aurrekoak izango dira. Sarearen bidez, ostera, helduentzako hiru jarduera nagusi dakarz Aiko Taldeak Gabonetan. Lehenik eta behin, abenduaren 26an, erromeria birtuala egingo dabe, Alvaro Garcia (gitarrea), Sabin Bikandi (txistua), Txus Aranburu (tekladuak) eta Amaiur Cajaraville (baxuan) musikarien eskutik. Katalin Zaratek eta Patxi Labordak jantzan egingo dabe.

Abenduaren 28an, dibulgazinorako berbaldia antolatu dabe, musikearen eta jantza tradizionalaren historia gaur egungo ikuspegitik ezagutzeko. Musikearen Historian doktore dan Aingeru Berguices etnomusikologo eta musikariak emongo ditu azalpenak.

Azkenik, hilaren 29an, Jantzan pandero kantuz tailerra egingo dabe. Kantuaren eta panderoaren laguntzaz jantzan egiten ikasteko lantegia da, batetik mobimenduaren eta doinuaren arteko loturea ulertzen laguntzeko eta, bestetik, abestien, jantzen eta musikearen bitartez gozetako. 

Hiru saio birtualak 19:00etan hasiko dira. Aiko Taldearen Youtube kanalean ikusi ahal izango dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu