Ustekabe txarangeak diskoa aurkeztuko dau abenduaren 16an eta 17an
2021-12-15 12:15 MusikeaEibarko 11 kanta edo doinu zahar adierazgarrienak jasoten ditu lanak.
Ondokoak dira Ustekaberen diskoan sartutako kantu edo doinu herrikoiak: Agur esanda banua, Arragueta, Suite Eibartarra, Eibar tiene su entrada, Eibarko Herria, Forjarien kanta, Hiru gizon ilustre, Venid al pueblo de Eibar, Arrateko Ama, Himno a Eibar eta Cielito.
Diskoaren lagungarri eta osogarri, kantu bakotxari buruzko informazinoa eta alderdi musikala jasoten dauen liburuxkea egin da, ezinbestekoa Ustekabek egin dauen harmonizazino-lanaren jatorria ezagutzeko. Horretarako, onena, liburuskearen berbaurrera jotea da:
Itturri zaharreko ur barrixa
Sustraixetan sakonduz loratutako proiektu barri bat da eskuartian dakazuna. Gure aitxitxa-amamak kantatzen zittuen kantuak hartu, doiñu eta erritmo barrixekin nahastau eta zeozer barrixa eskindu nahi izan dogu. Usain barriko betiko kantuak topatuko dittuzu disko honetan, zaharbarriztutako ondaria. Kantu zahar gaztetuak. Gure herriko kantuak ez ahazteko ekarpentxua egin nahi izan dogu, kantutegixak bere barruan gordetzen dabelako gure izakeria eraikitzen daben elementuak: geografixia, pertsonajiak, berbetia, ahozkotasuna, jokera soziologiko eta politikuak... Azken baten, gure historixia. Horregaittik nahi izan dogu kantutegi zaharretik disko barrixa egittia: kulturiak egitten gaittualako herri.
Disko hau aurretik beste batzuek egindako biharrari esker egin ahal izan dogu. Hasteko, gure herriko Musika Eskoliari izena emoten detsan musikua aittatu biharko genduke: Juan Bautista Gisasola konpositoria. Bere gazte sasoiko kantuak jaso zittuan Suite Eibartarrian. Gerora, XX. gizaldixan zihar, hainbat izan dira gure kantutegixaren inguruko informaziñua gorde, sortu edota dokumentatzen parte hartu dabenak: Toribio Etxebarria, Juanito San Martin, José Luís Pérez Sarasketa, Enrique Montero… ondare hori jasotzeko, 2001ian Eibar Kantuz Kantu liburua egin zeben Mireia Otzerinjauregik eta Mikel Sangronizek. Gure herrixan kantau izan diran 196 letra eta doiñu jaso zittuen bertan. Badago nun ikasi!
Aitortu bihar dogu ezin dogula esan kantu guztiak berez Eibarkuak diranik. Kasu batzuetan egilletza ez dago argi, edo beste herri batzuetako kantuen trazia dake. Halandabe, esan geinke danak kantau izan dirala Eibarren, eta gure folkloriaren parte dirala. Kantu batzuk berreskuratu eta armonizatu egin doguz, baiña beste batzueri goittik behera aldatu detsegu estilua: antxiñako doiñuak gogoratziaz gain, horretan oiñarritu eta ziharo barrixa dan zeozer sortu nahi izan dogu, itturri zaharrak emon deixan ur barrixa.
Eibarko Ustekabe Txarangea 2000. urtean sortu eben Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako 16 ikaslek. Ordutik dozenaka kide pasau dira txarangatik. XX. urteurrenean egindako hau diskau modu bat da urteotan guztiotan Eibarko herriak emon deutsen babesa eskertzeko. Eibarko Udalak diruz lagundu dau gastuak pagetan baina Ustekabeko kideek bihar haundia egin dabe musutruk, herriari altxor txiki bat erregalau guran.
Proiektu hau gauzatzeko, Eibarko gazte mordoagaz jardun dabe auzolanean. Hori izan da filosofia: Eibarko gazteak, aitxitxa-amamen kantu zaharrak oinarri hartuta, produktu musikal fresko bat sortzea: Entzule hori, iturri zaharreko ur barriau zeure gustokua izango dala espero dogu.
Gabonetan, badogu zer entzun eta zer erregalau: Eibarko doinu eta kanta zaharrak, goitik behera erabarrituak, Eibarreko Coliseo Antzokian, 10 euroan, aurkezpen-ekitaldian bertan.
Beraz, belarriak gozetako aukera ederra Ustekabegaz eta Eibarko Koru Gazteagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!