Tramacastilla de Tena: eskaladea Pirinioetan, maila guztientzat

Amaia Larruzea 2021-12-15 12:33   Ibilian-ibilian

Eskisto erako hatxa da, eta horrek ezbardin bihurtzen dau eskaladea.

Aragoiko Pirinioetara hurreratzean badirudi mendi altuenetara joan beharra dogula, baina ez dau zertan, Huesca magikoa da oso, eta mila eta bat leku eta txoko ditu eskaintzeko. Horreen artean, Tenako Bailara ederrean kokatzen dan Tramacastilla de Tena herria. Bertara goaz, Sandinies ingurura, hormak igoteagaz batera inguruetako ikuspegi ederrenetakoez gozetera.
 
Horretarako, Tramacastilla de Tenara abiatuko gara eta herri guztia zeharkatuko dogu, gorutz jo eta errebuelta baten ingurura heldu arte. Bertan, ilaran aparketan ditue autoak, basoko pistatik igon ahal izateko baimena behar dalako. Ordaindu ezkero, uste dot igon daitekeela, baina ez dau merezidu. Beraz, ilaran aparkau, geure material guztia prestau eta hesia gurutzatuko dogu pistan sartzeko. Goratz egingo dogu eta halako batean, 10-15 bat minutura, eskuman beste bide bat ikusiko dogu; handik jo beharko dogu. Heldu gara, bada, Tenako Bailarako eskalada eskolarik ezagunenetakora.
 
Bertan hainbat sektore doguz, batetik bestera joateko ez dago distantzia askorik, baina aldi berean, nahiko erraza da nahastea be, hainbat bide dagozalako danean. Onena da, maila guztietarako bideak daukaguzala aukeran. Hatxa kalidade onekoa da, nahiz eta nahiko ezbardina dan beste eskoletakoagaz alderatuta. Eskisto muetako hatxa da, inkrustazinoduna.
 
El Bubon, La Grallera eta Calituero dira hiru ardatzak eta horreen barruan hainbat sektore. El Buboni jagokonez, 6a-tik hasita 7b+-ra bitarteko graduko bideak dagoz lehen sektorean, eta 4. gradutik 6b gradurainokoak bigarren eta hirugarren sektoreetan, eta IV, IV+ eta V+ azken sektorean. Bide errazak dira, baina hatx mueteagaitik badabe dibertimendua be.
 
La Grallerari jagokonez, Ekialdeko orientazinoa dau honek be eta V+ gradutik hasita, 7a+-rainoko bideak dagoz. Plaka bertikalak dira. Azkenik, Calituero dogu, IVtik 7a+ra arteko bideak dituana. Esan dogun moduan, nahiz eta graduz beste eskola batzuetako bideak baino eskuragarriagoak izan, harri klaseak ezbardintzen ditu bertako eskaladak, eta gatxagoak bihurtu.
 
Halan eta guzti be, lagun artean, umeakaz, taldean, bikoteka edo nahi dozuen erara joateko aukera parebakoa da, ikuspegia itzela dalako, lekuak lasaiak dira eta enkantu ederra dabe. Pirinioak beste era batera ezagutzeko aukera polita.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu