Bikain ziurtagiria emon deutse 27 entidade publiko eta pribaduri
2021-12-15 08:27 Euskerea berbagaiGasteizen egin dabe ekitaldia, erakundeetako ordezkari gorenak bertan dirala.
Bikain 13, biratu euskerara! lemapean egin dabe enpresa eta erakundeen funtzionamenduan euskerearen erabilerea neurtzen dauen ziurtagiria banatzeko ekitaldia, Gasteizko Europa jauregian. Azken hileotan 27 entidade publiko eta pribaduk egin dabe euren egunerokoan euskerea gehiago erabilteko ahalegina, eta lan hori autortzeko modua izan da Gasteizko saioa.
Hiru mailatan banatzen dira Bikain ziurtagiriak, entidade bakotxak egiten dituan pausuen arabera. Goi mailako ziurtagiria hamabi entidadek lortu dabe aurten; erdi mailakoa hamalauk; eta entidade bat euskerearen erabilerea areagotzeko plangintzearen hasi-masietan dago, beraz, oinarrizko Bikain emon deutse.
Entidade horreen guztien ordezkariei harrerea egiten, Eusko Jaurlaritzako agintari ugari izan dira Europa jauregian, esate baterako, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria, Olatz Garamendi eta Jokin Bildarratz sailburuak, eta Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea.
Era berean, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek be hartu dabe parte ekitaldian.
Gizarte honen erronka handienetakoa da euskerea jarduera ekonomikoan be kudeatu eta erabilteko bidera eroatea, adierazo dau Iñigo Urkulluk. Lan munduaren talaiatik begira euskereak badau zer emona kudeaketa aurreratuan, gizarte erantzukizunean, hizkuntzen kudeaketan, kalidadean.
Lanaren eta enpresen mundua euskalduntzea gizartearen beste alor batzuetan be igarriko dan pausua dala gogoratu dau Bingen Zupiriak: lan-munduak eragin handia dauka gure bizi-denporetan, eta eragin aktiboa izan leike euskerearen ezagutzan eta erabileran. Entidadeak edo enpresak jarrera proaktiboa izan leikie euskerearen alde, eta sekulako ekarpena egin erabilerea eta hiztunen aktibazinoa sustatzeko bidean.
Aurten Bikain ziurtagiria eskuratu daben entidadeei jagokenez, pribaduak gehiago izan dira publikoak baino, 16 eta 11 hurranez hurran. Gipuzkoakoek egindako ahalegina nabarmentzekoa izan da, bertakoak diralako hogei; beste bost bizkaitarrak dira eta bi arabarrak.
Alderdi ugari kontuan hartzen dira Bikain ziurtagiria emoteko orduan. Erakundearen komunikazinoan eta irudian euskereak dauen lekua begiratzen dabe ebaluatzaileek, baita egunean-egunean euskerea zenbat erabilten dan be, kanpoko hartu-emonetan zein enpresa barrukoetan.
Gaur egun, 540 ebaluatzaile inguru dabiz Bikain ziurtagiria eskuratzeko hautagaiak diran entidadeen plangintzak eta ekintzak neurtzen. Enpresetan eta erakunde publikoetan, sektore guztietan, beharrean dabizan profesionalen artean aukeratzen ditue ebaluatzaileak.
Hamahiru urteko bidea bete dau dagoeneko Bikainek, 2008an sortu eben eta. Ziurtagiriaren bultzatzaile nagusi dan Eusko Jaurlaritzeak zera adierazo dau: urteotan euskerearen erabilerea areagotu nahi izan daben erakunde publiko eta pribaduei ekarpen kualifikaduak egin deutsez ziurtagiriak, baita euskerearen normalizazinoan egindako lana autortu be. Ziurtagiri ofiziala, publikoa eta dobakoa da. Ekitaldian aurreratu dabenez, Euskadiko jarduera ekonomikoaren markoa zabalduko dauen ziurtagiri sistema barri bat lantzen dabiz eremu sozioekonomiko pribadurako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!