Ikus-entzunezkoen Legearen aurrean, sendo

Bizkaie! 2021-12-14 10:49   Euskerea berbagai

Gobernuaren zirriborroa ez dala nahikoa azpimarratu dau Kontseiluak.

Paul Bilbao Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusia, Eusko Legebiltzarrean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen normalizazinoaren aldeko 30 gizarte eragile batzen dituan Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirol Batzordean agerraldia izan dau, Espainiako Gobernuak argitaratu barri dauen Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren aurreproiektuari buruz katalanaren, galizierearen, asturierearen eta aragoierearen alde lan egiten daben eragileakaz batera adostutako eretxia azaltzeko, bai eta aurrera begirako lan-jarduna konpartiduteko be.

Kontseiluko ordezkariak orain arteko prozesuaren barri emon deutse Batzordeko kideei: Gogoratu behar dogu, Espainiako Gobernuak birritan eskaini ebala aukerea lege-proiektuari ekarpenak egiteko. Bietan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen presentzia bermatzeko eskaerak egin zirala, bai eta hizkuntza-aniztasunari berari autortzea egiteko be eta horreetako bat be ez dala onartu. Ondorioz, zemendiaren 30ean Gobernu Batzordeak aurkeztutako lege-proposamena erabat ez-nahikoa izan dala azaldu dau Bilbaok: Kuota txiki bat jarri dabe produkzinoari jagokonez, baina Gobernuak berak azaldu dau ez deutsela plataforma guztiei eragingo. Legeak berak ez dau berariaz aniztasuna autortzen eta euskerearen kasuan, sano garrantzitsua dan bikoizketearen gaiak ez dau bermerik. Beraz, Kontseiluko bozeroaileak gogoratu dau hizkuntza gitxituen alde lan egiten daben eragileek adierazpen bateratua argitaratu ebela legearen aurreproiektua onartu eta biharamunean desadostasuna agertzeko: Gure ustez, aurretik argitaratutako aurreproiektuei jagokenez, testu honetan jasoten diran gure hizkuntzen aldeko urratsak ez dira inondik inora nahikoak. Beraz, nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen dan bitartean azaldu dau.

Ondoren, Bilbaok Estaduko gainerako eragileakaz proponidutako norabidetze bien barri emon deutse legebiltzarkideei: Legeak aniztasunari erreparauko badeutso, lehenengo, Estaduko hizkuntza guztietako edukiak eta gitxieneko ehunekoak bardindu beharko ditu bikoizketan, azpitituluetan eta audio-deskribapenetan. Eta, bigarrenik, Estaduko hizkuntzetako ikus-entzunezko produkzinoak finantzietako betebeharrak be bardindu beharko ditu, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako.

Alderdien adostasuna: Galizian posible bada, hemen be bai

Kontseiluko bozeroaileak Batzordeko alderdiei gai honen inguruan adostasuna lortzeko eskatu deutse eta gogoratu dau oraintsu zenbait alderdik lortu ebela akordioa inbersinoen arloan. Halan da be, Galiziako ereduari erreparetako eskatu deutse, izan be, Galiziako Parlamentuko alderdi guztiek adostasuna lortu eben oinarrizko elementuetan: Aho batez onartu eben alderdi guztiek oinarrizko printzipio lez onar daian, galizierazko eta gaztelaniazko gitxieneko edukiak eta ehunekoak bardindu beharra bikoizketan, azpitituluetan eta audio-deskripzinoetan, bai eta telebista-kanal eta plataformetako ikus-entzunezko produkzinoen finantziazino aurreratuan be. Horrexegaitik, agerraldiaren amaieran galderea egin deutse Kontseiluko bozeroaileak talde parlamentarioetako ordezkariei: Galizian lortutakoa zergaitik ez Euskal Autonomia Erkidegoan?.

Amaitzeko, Kontseiluak gogoratu nahi dau eguaztenean, hizkuntza gitxitu ofizialen alde lan egiten daben eragile nagusienakaz batera, eskaera zehatzak aurkeztuko ddeutsezala alderdi politikoei Madrilen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu