Aitor Francesenak laugarren amaitu dau Pismo Beacheko Munduko Txapelketea
2021-12-13 07:40 KultureaFinalera arteko txanda guztietan nagusitu da Basque Teameko surflaria.
Aurten pandemiak ez dau surf egokituaren hitzordu handia atzeratu eta 2019an, barriz, bai; pandemiak jota ospitaleratu behar izan baeben be, Aitor Francesenak Gallok ez dau dudarik izan barriro be AEBetara joateko eta Munduko txapeldunaren titulua berresten saiatzeko.
Aitorrek ez deutse arerioei aukerarik emon Pismo Beachen jokatutako Munduko Txapelketan. Txapelketeak ligaxka formatua izan dau, surflari erregularrenak eta txapelketan olatu onenak izan dituenak sarituz. Zarauztarrak ez eban arazorik izan Henry Martinez costarricarrari (8.83) eta Adriani Botez alemaniarrari (2.74) irabazteko, 7.83ko olatu bat eta 6.60ko beste bat hartu eta 14.43 puntu pilatuz lehen jardunaldian.
Matteo Salandri italiarraren (8.64) eta Juan Manuel Ramajo espainiarraren (6.63) kontra be onena izan zan bigarren jardunaldian. Francesenak 6.etik gorako puntuazinoakaz ekin eutson txandeari eta behetik gora egin eban 8.50eko olatu bat lortzeko. Olatu horri eta 6.00ko beste bati esker, 14.50eko puntuazinoa eta final handirako txartela lortu zituan.
Lauko finalean Ben Neuman alemaniarrak 5.17koagaz jo eta Aitorrek 7.50ekoagaz erantzun deutso. Elias Figue Diel brasildarra 7.10 eta 5.53ko emoitzakaz lehenengo postuan jarten saiatu da baina zarauztarrak Kirk Watson australiarrak lehentasuna eban maniobran traba egin eta epaileek haren bigarren olaturik onena kentzea erabagi dabe txandako laugarren postura bialduz eta, gauzak holan dirala, urrea brasildarraren esku geratu da azkenean.
Aitor Francesenaren (Zarautz, 1970)
Glaukomea diagnostikau eutsen 14 urte zituala eta eskuineko begia galdu eban, ebakuntza ugariren ondoren. Halan da be, ez eutson itxi surfa egiteari. Aitzindaria izan da beti eta Espainian kirol honetako lehen eskolea edegi eban 1988an, Zarautzen. Estaduko lehen surf entrenatzailea izan zan eta bere irakaskuntza metodoa gaur egun be erabilten da ia eskola guztietan, besteak beste, Aritz Aranburu, Mario Azurza eta Axier Muniain entrenau ditu eta Espainiako hautatzaile izandakoa da.
2012an olatu handi batek jo eta ezkerreko begia txikitu eutson eta itsu geratu arren, ospitaletik urten eta hiru hilebetera barriro surfean hasi zan. Taula zabal eta olatu txikiakaz hasi eta ondoren taula estu eta olatu handiagoakaz ausartu zan.
Francesenaren gidariak uretara sartu aurretik eta behin zutunik jarri ondoren dagozan baldintzak azaldu eta eta gero bera bakarrik hasten da olatuetan jantzan. Aitor Francesenak energia eta bizitza-filosofia ederto transmitiduten dakien personea da. Helburua bizitea topera bizitea dala dino, itsasoaz eta naturaz modu jasangarrian gozauta: Sekula ez deutsat surfari itxi, lehen ikusten nebanean eta orain be ikusi ezinik nagoanean. Zeozer gustetan bajatzu, probau eta praktikau egin behar da.
2016an eta 2020an, Gallo Munduko txapeldun izan zan, brontzea irabazi eban 2017an eta laugarrena izan zen 2018an. 2021. urtean be laugarren izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!