Luis Irizar hil da, euskal sukaldaritzearen aitzindaria
2021-12-10 10:21 Jan edanakGaur egungo chef ospetsuen irakasle izan zan.
Euskal sukaldaritzea puntaren puntan dago nazinoartean, goi mailako sukaldari eta jatetxeei esker eta gastronomia ulertzeko era bereziagaitik. Baina gaur egungo Michelin izarren eta menu disdiratsuen aurretik, aitzindari lanetan ibili ziran hainbat eta hainbat lagun, eta horreetako bat izan zan Luis Irizar donostiarra. 91 urtegaz hil da.
Irizarrek berak nazinoartean ospea izan eban eta gorengo mailako chef-en pare ibili zan luzaroan, Virginia Alzugaray emaztearen laguntzinoagaz. Baina haren ekarpena askoz zabalagoa da, izan be, Irizar eskolea zabaldu eban sukaldari barriei formakuntzea emoteko eta, zentro horren bitartez, gastronomia eta jatetxeen mundua ulertzeko modu barri bat sortu eban.
Gaur egun zale guztiek ezagutzen dituen euskal kozineroetatik gehienak Irizarren ikasle izan ziran. Hortaz, maisuen maisu izan zala esatea ez da gehiegi (izenburu hori dau, hain zuzen be, haren biografiak, Luis Irizar, maestro de maestros). Orain puntakoak diran horreek guztiak gazteak ziranean ekin eutsen euskal sukaldaritzea goitik behera barriztau eta modernotzeari, Irizar gidari ebela.
Kuban, Habanan jaio zan Luis Irizar, 1930ean, gurasoak hara joan ziralako beharrera. Laster bueltau ziran Euskal Herrira eta, beraz, Irizar donostiar peto-petotzat jo geinke. Maria Cristina hotelean hasi zan gazterik, Espainiako Gerra Zibila amaitu barri, eta han ikasitakoa Monte Igueldo jatetxean aplikau eban gero.
Behin sasoi haretako sukaldarien artean lekua eginda, proiektu ugaritan sartu zan Irizar: batetik, Euromar eskolea sortu eban Zarautzen; bestetik, Gipuzkoan zein Madrilen jatetxe ugaritan izan zan buru. Oiartzungo Gurutze-Berrin eskuratu eban Gipuzkoako lehenengo Michelin izarra. Luis Irizar Ostalaritza Eskolea 1992an hasi zan martxan.
Ibilbide luzea eta emonkorra izan zan Irizarrena, beraz. Herrikideen errekonozimendua ekarri eutsan horrek, ze adibidez, Urrezko Tanborra emon eutsen. Gaur egungo sukaldarien artean be, Irizar maisutzat dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!