Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantziko deutse txapela 2021eko irabazleari
2021-12-10 08:15 BertsolaritzeaTaldeko lanari egindako ekarpena autortuko deutse biei Bizkaiko Bertsozale Alkarteak.
Abenduaren 18an jokatuko da, Bilbon, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Orduan jakingo dogu zein dan aurtengo txapelduna, eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteak jakitera emon dau nork jantziko deutsan txapela irabazleari. Sinbolismo handiko zeregina izaten da, txapel-jartzaileak berak be omenaldi edo autortzea jasoten dauelako. Aurtengoan bertsogintzan aspalditik dabizan lagun bi aukeratu ditue: Moises Enbeita Ealo eta Joseba Etxebarria Uriarte.
Alkarteak azaldu dauenez, taldeko beharrean ibili dira gehienbat Enbeita eta Etxebarria, fokuetatik urrun bertsolaritzeari eta txapelketeari laguntzen. Luzaroan izan dira Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean, eta taldearen ekarpen horren ordezkari izateagaitik izango dabe irabazleari txapela jazteko ohorea.
Nabarmentzekoa da bertsolaritzea zelan ulertu eta transmitidu daben, jardun kolektibo lez, adierazo dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak ohar baten. Taldeari egin deutsen ekarpena azpimarragarria izan da, Alkartean bertan zein, batez be, txapelketako antolakuntzan. Txapela biek batera jantzita, taldearen garrantzia nabarmenduko dabe finalean.
Alkarregaz sarri ikusi doguz Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria, baina bakotxak bere aldetik be ibilbide oparoa dabe.
Moises Enbeita muxikarra, esate baterako, jentaurrean bertsotan ibili zan urte askoan, baina azken hamarkadetan antolatzen eta laguntzen ibili da gehiago. 2000. urtearen bueltan epaile ibili zan Bizkaiko Txapelketan eta, harrezkero, Zuzendaritza Batzordeko eta Talde Antolatzaileko kide izan da.
Joseba Etxebarria larrabetzuarra bere inguruko eskualdean buru-belarri ibili da bertsogintzea bultzatzen, baina Bizkai osoko lanean be nabarmendu da. Gaur egun, Txapelketako Talde Antolatzaileko kide da eta Zuzendaritza Batzordean egondakoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!