Roberto Etxebarria: 'Gure aurrekoei hartutakoari ez deutsagu uko egin'

Koldo Isusi Zuazo 2021-12-13 07:55   Barriketan

Trikitilari bizkaitarra.

Orain urtebete Miren alabeagaz batera Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! plazaratu eben eta orain lan barri bigaz datoz: Koplak airean (Bost kantu dakarzana; transmisinoa, zabalkundea, kopla zaharrak ezagutzera emoten diralako, kasurik gehienetan, Jabier Kaltzakortak jasotakoak (Labayru), gainerakoak, ostera, Robertorenak dira; ehundaka kopla solteen artean aukeraketea egin, kantu bakotxean batu eta melodiak txertatu. Soinu txikiagaz batera, ahotsek eta panderoak trataera berezia eta protagonismoa dabe eta gitarrea, Kontrabaxua, mandolinea eta haizezko tresnak lagunduta agertzen dira, herri musikan kokatu geinken lana folkari eutsiz) eta Doinuak koloretan (Partituron bidez, sorkuntza lanak dira nagusi, Iñigo Bidetxeak diseinatzaileak bakotzarentzat sortutako irudi, biñeta zein ilustrazinoakaz; hiru doinuren partiturak, aurrerantzean bildumea osotzen joatea da asmoa).

1.- Urtebete pasau da Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! diskoa plazaratu zenduenetik eta orain disko bigaz zatozie. Pandemia be tartean zala etorri zan aurreko diskoa baina orain martxea hartu eta ez dozue etenik egin gura...

Ez gagoz etenak eta geldialdiak egiteko, ez. Disko bi dinozu baina lan bi dirala esango neuke: Koplak airean, bost kantu dakarzana, hain zuzen be, alkarregaz alabeak eta biok plazaratutako bigarrena, igazko Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! izenburuakoaren ondoren; gainera, aurreratuko deutsut laster kaleratuko dogula Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! horren jarraipena izango dan diskoa.

Orain plazaratu dogun bigarren lana da Doinuak koloretan, gehiago da partiturak eta batzekoa, Iñigo Bidetxeak irudi eta ilustrazinoakaz hornidutakoa eta aurrerantzean pieza gehiago batzeko erabiliko doguna.

2.- Plazarik plaza ibiltea zan ohiturea lehen, gaur egun, barriz, aretotik aretora, oraintsu Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian be ibili zarie eta

Bai, edo. Plazarik plaza ibilteari ez deutsagu itxi baina plazak orain areto be izaten dira eta horri be helduko deutsagu, zergaitik ez. Zorionez, azken hiruhilekoan mobimentua dago eta ibili gara, bai hor zehar. Kopla eta enparauen bide horrek beste ate batzuk zabaldu deuskuz eta pozik gagoz. Deigarriena, akaso, Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan eskaini genduana izango litzateke, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira atondutako ekitaldian; udaletxean harrerea egin eutsen bendejera lanetan dabizan hainbat emakumeri eta zeregin horren inguruko jakingarriak batzen dituan liburu bat be aurkeztu eben, Bendejerak: sorotik plazara, Udalak eta Labayru Fundazinoak alkarlanean egina. Gaur egun gitxiago dabizan arren, oraintsu arte ohikoa izan da bendejerearen figurea, baserriko produktuak herrigune handietako plazetara eroan eta han saltzeko bitartekari ia bakarrak ziralako. Euskal tradizinoagaz lotutako jarduerea izateaz gan, landa eta uri eremuen arteko zubilana egin dabe bendejerek belaunaldiz belaunaldi.

3.- Koplak airean diskoan koplak dira nagusi, gehienak Jabier Kaltzakortak jasotakoak baina zeureak be badagoz. Koplak batzea zelako lana izan da, erraza, astuna?

Kopla solteak dira gehienak eta lana ez da gatxa izan. Naturala izan ez arren, kopla solte eta ezbardin izan arren, gatxena loturea egitea izan da, aukeratu eta zeozelan lotu. Dana dala, Labayruren eta Kaltzakortaren ekarpena upealakoa izan da, sano inportantea guretzako.

Beste alde batetik, neure ekarpenari jagokonez, ausardia izan dala pentsetan dot eta ez dakit onak ala eskasak diran baina barruko irakinaldietatik atarata dagoz. Orain jentearen, entzuleen ardurea izango da oneretxia emon ala ez.

4.- Koplak soinu txikiagaz zabaltzen dozuez baina beste musika tresnak batzuk be sartu dozuez. Zeintzuk?

Bai, buztarketea nahikoa ederra da. Oinarrian Pablo Bueno gitarristea, Amaiur Cajaraville kontrabaxu-jolea, mandolinea joten Alvaro Gartzia eta Ivan Allue haize-instrumentuakaz.

5.- Folk erritmoak be igarten dira musika tresna horreekaz danakaz. Helburua doinuak jantziago agertzea izan da?

Bai eta ez. Gu ezagutzen gaituanak badaki gure saioetan % 70 inguru soinu txikiagaz eta panderoagaz egiten doguzala eta ganerako % 30 aitatutako tresnakaz. Holakoakaz babestuta sentiduten gara, erosoago. Baina aurreko diskoan be kinu batzuk baegozan, pandero eta sonu txikiagaz ibili ginalako eta orain be pandero eta ahots hutsez be egin doguz. Beraz, gure aurrekoei hartutakoari ez deutsagu uko egin, ez dogu hori galdu gura.

6.- Miren alabearen ahotsa eta panderoa zelan buztartzen dira ganerako musika tresnen artean?

Hasieran erreferentzia Mirenen ahotsa zan baina gaur egun ahots barik be sartu doguz. Egia da gure lehenagoko denporetako soinuei erreferentzia egitearren sartu doguzala ahotsak baina ez dogu ezer baztertu. Antxina emakumea zala pandero-jolea eta holakoak entzuten ziran baina horri bueltea emon eta zeozelan barritzaile sentiduten gara.

7.- Doinuak koloretan lanean partiturak batu dozuz, Jatatik Sollubera, Jatape eta Holan bazan... Aurrantzean bildumea osotzen joatea da asmoa. Ilustrazinoak be badagoz disko honetan baina nork egin ditu?

Iñigo Bidetxeak diseinatzaileak egin ditu ilustrazinoak. Hasi eta amaitu Bidetxearen lana izan da, koplak eta doinua ardatz hartuta ibili da beharrean eta Doinuak koloretan lanaren azala be Iñigok egin dau eta emoitzeagaz oso gustora gagoz.

8.- Pandemia giroan eta Omicron aldaera barria tarteko hor gabiz bueltaka. Zelan eragin deutsue zuoi?

Azken hiruhilekoan geldi edo egon gara eta orain hasi da gauzea mobiduten eta nondik nora joko dauen honek jakin ez arren, geldi egotea ez da ona, danok bizi gara ardureagaz baina gogotsu gagoz eta beti joteko prest.

9.- Diskoak aurkezteko zuzenekorik, hitzordurik berbatuta dozuez?

Ez. Oraingoz ez. Taldea be hor dago baina bikotea be bagara eta segurutik errazagoa izan daiteke. Halan da be, taldea da gurea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu