VIII. Bizkaidatz Txikia lehiaketea martxan
2021-12-09 09:44 KultureaIdoia Barrondok eta Andoni Abenójarrek hasitako istorioak amaitu behar ditue gazteek.
Bizkaiko Foru Aldundiak barriro ipini dau martxan Bizkaidatz Txikia lehiaketea, gaztetxuen artean irakurteko eta idazteko gogoa biztu eta sormena zorrozteko asmoz. Oraingo hau zortzigarren edizinoa da, eta 2022ko zezeilaren 18ra arte parte hartu leiteke. Sariketearen formatua betikoa da: istorio biren hasikerak plazaratu ditue antolatzaileek (bata euskeraz, bestea gaztelaniaz), eta parte-hartzaileek bietako baten amaierea pentsau eta idatzi beharko dabe.
Euskerazko modalidadean, Idoia Barrondo Etxebestek idatzi dau Abrakadabra izeneko istorioaren hasikerea (irakurri hemen). Gaztelaniazkoan, Andoni Abenójar Martínez de Eulatek El parque Mowg izeneko kontakizuna aurkeztu dau (hemen). Kontakizun bakotxean idazleek egin daben planteamendua eta tonua errespetau beharko ditue parte-hartzaileek, baina hortik aurrera irudimena libre erabili ahal izango da.
Aurtengo edizinoan, kategoria bi izatetik laura pasau da Bizkaidatz Txikia: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoentzat da lehenengoa, 5. eta 6. mailakoentzat bigarrena, DBHko 1. eta 2. mailakoentzat hirugarrena eta, azkenik, DBHko 3. eta 4. mailetakoentzat gorde dabe beste maila bat. Beraz, 16 urtera arteko ume eta gazteek hartu leikie parte, bakotxari jagokon edadean. Hizkuntzearen araberako kategoriak be badagoz.
Nahi beste lan aurkeztu leikez bakotxak, eta euskerazko zein gaztelaniazkoetan, bietan batera, parte hartzeko aukerea dago. Lau-bost orrialdeko idazlanak izango dira, eskuz zein makinaz idatziak. Oinarriak hemen.
Bizkaidatz Txikia orain dala zortzi urte sortu eban Foru Aldundiak, eta urterik urte gero eta parte-hartzaile gehiago izaten ditu. 2015ean 186 ipuin aurkeztu ziran eta 2016an, 194, horreetako 90 euskeraz. Helduentzat Bizkaidatz Saria be antolatzen da, antzeko funtzonamendua erabilita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!