Bertsolaritzearen 200 urtetako historia soziala batzen dauen liburua, Durangon

Bizkaie! 2021-12-07 13:24   Kulturea

UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak alkarlanean argitaratu dabe.

Jon Sarasua eta Antxoka Agirre | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskaltzaindia
k UPV/EHUgaz batera argitaratu dau Bertsolaritzearen historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018) ikerlana. Liburua Durangoko Azokan aurkeztu dabe eta agerpenean izan da Antxoka Agirre kazetaria eta liburuaren egilea, Jon Sarasua irakasle eta euskaltzain urgazlea alboan dauela.

Ikerketa hau egiteko bertsolaritzeak prentsa historikoan, irratian, zineman, telebistan nahiz Interneten izandako presentziaren batu eta azterketea hartu dau abiapuntutzat egileak. Bertso-munduko eragiletzearen zortzi belaunaldiren biografiak eta ekarpenak be harilkatu ditu kontakizunean. Eta hau guztia Europan herri-kultureak izandako bilakaerearen testuinguruan kokatu da. Azken emoitzea kultura-bilakaera guztiz bereziaren berrikuspen zabala da.

Jon Sarasuak egin deutso berbaurrea ikerlanari eta irakurri eban momentuan bertan harrituta geratu zala autortu dau irakasleak: Ikerketa hau begi aurrean izan nebanean jaubetu nintzan lehen aldiz marraztu jatala gure ibilbidearen kontakizun sendoa. Ez geunkan holakorik. Gogoeta horri eutsiz, jarraitu dau esanez: Lan honek izan garenaren erradiogramea emoten dau, hain zuzen, bertsolaritzearen hazurdurearen erretratua. Azkenik, Sarasuak nabarmendu dau liburuak autokonprensinorako kontakizuna emoten dauela, ez arlo batean, hirutan baino: Gure eragiletzearen ibilbidean, gure historia sozialean eta gure presentzia mediatikoan. Hori bera azpimarratu nahi izan dau Antxoka Agirre ikerketearen egileak: Bertsolaritzearen 200 urtetako historia soziala batu da liburura, hiru ardatzetatik abiatuta: bertsolaritzearen presentzia mediatikoa aztertuz; bertso munduko eragiletzearen historia bat osotuz; eta hori dana Europan herri-kultureak izandako bilakaeran kokatuz. Bertsolaritzea ikertua izan da, baina faltan hartzen neban bertsolaritzea fenomeno sozio-kulturaltzat hartzen eban lan bat, esan dau Agirrek eta kezka horren atxakiaz liburu mardul eta interesgarria ondu dau kazetari zumaiarrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu