Mikel Alvarez Sarriegik irabazi dau XXI. Augustin Zubikarai Bekea

Bizkaie! 2021-12-03 12:31   Kulturea

Euskalia proiektuagaitik saritu dabe.

Mikel Alvarez Sarriegi (argazkia: Ondarroako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko nobelak sortzeko Augustin Zubikarai Bekearen 21. edizinoaren ebatzia emon dabe jakitera Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak irabazi dau, Euskalia proiektuari esker, eta bekeak laguntzinoa emongo deutso idea hori eleberri bihurtzeko. Gaur, barikua, Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo dan ekitaldian emongo deutse saria Alvarezi.

Aurtengo irabazlea aukeratu dauen epaimahaiak hiru kide izan ditu: Leire Bilbao idazle ondarroarra, Xabier Mendiguren editorea eta Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako kehendakaria. 

Zientzia fikzinozko nobela baterako proiektua da Euskalia, Mikel Alvarez Sarriegik azaldu dauenez, baina nobela baltzaren ezaugarri batzuk be baditu, eta umorezko ikutua. Istorio horretan kontetan danez, deskubrimendu harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibersoko potentzia nagusi bihurtu dira, eta Euskalia deitu deutse Galaxiarteko Erresuma horri. Pixkanaka, auzo herrietakoak euskaldunen kolonizazinoaren biktima bihurtuz joan dira, baina danak ez dagoz pozik. Erresistentzia horren parte dira kultura espainiarraren berreskurapenaren alde dabizan Izar eta Ugutz.

Zientzia fikzinoaren alorreko istorioa dan arren, gaur egungo egoera eta errealidade askori egindako keinuak eta paralelismoak topauko doguz. Politikeari, zinemeari eta komikiei egindako erreferentziak be ez dira falta Alvarezen lanean.

Augustin Zubikarai Bekea nobela laburrei laguntzeko sariketea izan zan lehenengo bederatzi edizinoetan. 2010ean, formatua aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zan. Mikel Alvarez Sarriegiren aurretik bekea irabazi dabe, besteak beste, Joxean Agirrek, Garbiñe Ubedak, Jasone Osorok, Eneko Barberenak eta Idoia Garzesek. Igazko irabazlea Lander Garro izan zan eta egunotan aurkeztu dau bekeari esker idatzitako Faith

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu