Lauaxeta Sariak X. Amuriza, G. Mendibil, M. Urdangarin, Zea Mays eta Gatiburentzat

Bizkaie! 2021-12-03 09:51   Euskerea berbagai

Bolante baten historia filmaren egileak be saritu ditue ikus-entzunezkoen arloan.

Sarituak, ekitaldiko aurkezleak eta erakundeetako ordezkariak, Alkarte Filarmonikoan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bueltan, urtero emoten ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariak, kulturgintzan eta, batez be, euskerearen aldeko lanean nabarmendu diran persona eta alkarteei gorazarre egiteko. Bilbon, Alkarte Filarmonikoaren egoitzan, egin dabe aurtengo sariak, XVII. Lauaxeta Sariak, emoteko ekitaldia, Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Lorea Bilbao Kultura diputadua buru.

Ohorezko Lauaxeta Sariari jagokonez, bost saritu dagoz: Xabier Amuriza, Gontzal Mendibil, Mikel Urdangarin, Zea Mays eta Gatibu. Danak, beraz, musikeagaz eta kantagintzeagaz lotuak. Amuriza, kantuan ez eze, bertsolaritzan, saiakeran eta herrigintzan da ezaguna. Mendibilek eta Urdangarinek, ostera, hamarkada askoko ibilbidea egin dabe bakarka, Euskal Herri osoko oholtzetan zale ugari erakarriz.

Zea Mays eta Gatibu XXI. mendearen lehen zati honetako Bizkaiko talde esanguratsuenetako bi dira, egindako ibilbidearen, musikan sartutako barritasunen eta zaleen onespenaren aldetik begiratuta. Gatibuk 20. urteurreneko kontzertu jentetsua emon eban pasa dan asteburuan; Zea Maysek oraintsu erabagi dau eten bat egitea, Aiora Renteria abeslaria gaixorik dagoala eta.

2021eko edizinoan euskerazko musika sortzaileak omendu nahi izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Mendibil, Urdangarin, Zea Mays eta Gatibu moltso zabal horren lagin lez saritu ditue. Xabier Amuriza, berez, 2020ko edizinoari jagokon saritua da, pandemiaren erruz igaz ez zalako Ohorezko Lauaxeta Saririk emon. 

Epaimahaiak aho batez hartu dau talde eta bakarlari horreek saritzeko ebatzia, eta hauxe azalpena: guztiak bizkaitarrak izanik, euskerazko musikariak dira, etenik bako ibilbide luzea izan dabe bakotxak bere estiloari eutsiz eta gaur be kantuan dabiz; publiko eta musika klase diferenteetakoak dira, hedadura zabalekoak eta musikari erreferenteak.

Poesia eta ikus-entzunezkoak

Lauaxeta Sarietan kulturgintzako atal jakin batzuetako sortzaileak be saritzen ditue urtero, Ohorezko Sariakaz batera. Ikus-entzunezkoen atalean, aurtengo irabazleak Iñaki Alforja eta Iban Toledo zinemagileak izan dira, Bolante baten historia filma zuzentzeagaitik. Egunotan aretoetan estreinautako lan horretan, 1980ko hamarkadea astindu eban jazoera bat jorratzen da, Naparra-ren desagerpena.  

Lau hamarkada geroago, Naparra-ren kasua argitzeko familiak egiten dauen aldarria ez da isildu, oztopoak baino topau ez dituen arren. Memoriari, justiziari eta Euskal Herriaren historiako pasarte ilunenei egindako keinua da Bolante baten historia

Poesiaren ataleko XVII. Lauaxeta Sariak Leire Bilbaok eta Jon Ander Urkiagak irabazi ditue. Etxeko urak poemategiagaitik irabazi dau Bilbaok 35 urtetik gorakoen mailan; hortik beherakoen kategoriako saria Bizi min obreari esker eskuratu dau Urkiagak. 

Autoreak 39 poemaren bidez bizitzeak sortzen dauen eta heriotzak estaltzen dauen malenkonia kutsuan egindako bidaia eskaini deusku. Galderez osoturiko diskurso poetikoa da berea, ikuskizunaren errotik sorturikoa, adierazo dau epaimahaiak Jon Ander Urkiagaren lan sarituaz. 

Leire Bilbaoren olerkiez be berba gozoak esan ditue epaimahaikideek: Idazleak maisutasunez darabil berbeta poetikoa gizartearen sinboloak bere egiteko eta berbakera propioz ernaltzeko eta emoteko. Zuzena da bere diskursoa, batua bere mezuan, eta irakurleagana oztopo barik heltzen da. Paralelismoak eta identifikazinoak maite ditu, eta bere mezuaren eta itsasoko esanahien arteko zubia erraz eregiten dau amatasunari buruzko liburu honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu